Hagina Festa #01 jaialdia, larunbatean Psilocybenea Aretoan
Larunbat arratsaldean musika azoka txiki batekin hasiko da jaialdia. 19:00etatik aurrera Izvkari, Horzdun eta Mourn taldeek kontzertuak eskainiko dituzte.

Psilocybe elkarteak hitzordu berezia antolatu du larunbat honetarako: kontzertuak, azoka, pintxoak eta pintxada uztartuko dituen Hagina Festa #01 jaialdia egingo dute.
Larunbat arratsaldean musika azoka txiki batekin hasiko da jaialdia, eta diskak, kamisetak, liburuak, instrumentuak eta beste hainbat produktu miatu bitartean pintxoak dastatzeko aukera izango da. Azoka Anderground eta Usoa aka Palom DJ-ek girotuko dute. Kontzertuak hasi arte musika pintxatuko dute.
Kontzertuak 19:00etan hasiko dira. Izvkari talde euskaldunak zabalduko du oholtza. Ondoren, 20:30ean Horzdun taldeak hartuko dio lekukoa eta 21:45ean Bartzelonako Mourn taldearen txanda izango da. Izvkari eta Horzdun taldeak HaginaDiskak bidasoaldeko musika zigiluaren parte dira eta larunbatean beren diskoak aurkeztuko dituzte.
Kontzertuak entzun bitartean jatekoa eta edatekoa eskainiko dute eta era guztietako ekarpenak “ongietorriak” izango direla adierazi dute Psilocybe elkarteko kideek. Festak goieko 01:00ak arte iraungo du.
HaginaDiskak musika zigilua
Zuk zeuk egin lemapean lan egiten duen bidasoaldeko musika zigilua da HaginaDiskak, autogestioan diharduten musikari desberdinen indarrak batzeko, ardurak banatzeko eta ikusgarritasuna lortzeko sortua. Lehen proiektua 2021ean burutu zuten Biruss taldearen bigarren lanarekin, eta horren ondotik heldu ziren Tzar, Kosmaikosin, Horzdun eta Izvkari taldeen lanak.
Zigiluko kideek azaldu dutenez “harridura” defendatzen dute, eta azpikultura “inoiz baino biziago” dagoen honetan, beren arrastoa uzteko lanean ari dira.