Ez dute adostasunik lortu Osasun sailak eta Irun eta Hondarribiko alkateek
Osasun sailak hartu dituen azken erabakiekin ez daudela ados adierazi zuten bi alkateek eta herritarren eskaerekin bat egiten zutela erakutsi.

Bidasoko osasun arreta hobetzeko beharra adierazteko elkartu dira Irungo alkate Cristina Laborda, Hondarribiko alkate Igor Enparan eta Alberto Martinez Osasun sailburua. Bertan, bi alkateek sailburuari jakinarazi zioten ere ez zeudela ados Lakuak hartutako azken erabakiekin, besteak beste, pediatriako arreta eredua aldatzea eta larrialdi zerbitzua ixtea. Halaber, haur psikiatria zerbitzua ixteari buruzko kezka erakutsi zuten Gasteizen, eta psikiatraren plaza betetzea eskatu zuten.
Dena den, bilerak ez zituen fruiturik eman, ez baitziren adostasunera iritsi . Balorazioan bi alkateek esan dute “oso aukera garrantzitsua” galdu dela ospitaleko larrialdien haurren osasun arreta bezalako gai “garrantzitsu eta sentikor” batean adostasuna lortzeko.
Enparanek eta Labordak nabarmendu dute herritarren eskaerekin bat egiten dutela. Bide horretan, gogoratu dute Eusko Jaurlaritzak ere bat egiten zuela Bidasoan osasun arreta hobetzeko beharrarekin, eta horregatik, sailak hartutako azken erabakiak berrikustea eskatu diote Martinez sailburuari. Bien bitartean, bi alkateek eskualdeko osasungintza zerbitzuaren hobekuntza integralaren alde lanean “aktiboki” jarraituko dutela azaldu dute. Egungo zerbitzuetan ezin dela atzerapausorik onartu uste dute bi alkateek.
Bestalde, bi alkateek espero dituzten proiektuen premia dutela esan zioten sailburuari, hala nola, ospitaleko ebakuntzen blokea berritzea, Oinaurreko osasun zentro berria edota Alarde kalean partzela bat lagatzea bertan hainbat ekipamendu jartzeko, erdiguneko anbulatorioari gainkarga kentzeko. Eusko Jaurlaritzak azken kudeaketa hau “berehala” tramitatuko zuela adierazi izana ekarri zuten gogora.
Azkenik, Bidasoko ESIko Gizarte Kontseiluari dei egitea eskatu diote Osasun sailari, organo horrek biltzen baititu eskualdeko osasun arretan inplikatutako eragile instituzional, profesional eta sozialak. Bi udal agintarientzat horrelako prozesuetan “edukia eta formak” errespetatzea garrantzitsua da elkarrizketa behar delako.