Arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen asteburua, Lakaxita gaztetxean
Julene Queen behobiarrak Lakaxitan grabatutako bere azken bideoklip film laburra eta azken abestia aurkeztuko ditu hilaren 31n. Aldiz, ekainaren 1ean, antzerkia itzuliko da Lakaxitara.

Hogeigarren urteurrena ospatzen ari da Lakaxita gaztetxea eta lohiaz bustitako Jaion! urteurren festaz gain, babarrun jateak, hitzaldiak eta musika kontzertu bereziak egin dituzte jada. Halaber, faxismoaren kontrako borrokan “tinko” daudela adierazi dute ere azken hilabeteetan.
Oraingoan, arte eszenikoen eta ikus-entzunezkoen asteburua antolatu dute gaztetxean. Lehenik, Julene Queen musikari, drag eta artista behobiarrak gaztetxean grabatutako bere azken film labur-bideoklip berriaren aurkezpena egingo du larunbatean (hilak 31) 22:30ean. Aurreratu du “marika, drag, eta show musikalez betetako gau berezia” izango dela. Janzkerari betetako arau bat jarri dute bertaratzeko: fulana style.
Aurkezpenaren ondoren, dj festa egongo da eta honako hauek arituko dira musika jartzen: Ofensa, Lolavonpolola eta Julene Queen bera. Halaber, performanceak egiingo dira eta horretan ere Julene Queen artistaz gain, Anntipatikak girotuko du Lakaxita. Azkenik, Alicia Kiss eta Julene Queenek haien azken abestia joko dute lehen aldiz, drag ikuskizun batekin uztartuz.
Zaleek oroigarri bat nahi badute, merchandising postu bat egongo dela aurreratu dute Lakaxitako queerrek. Horiek material birziklatuekin egindakoak dira eta nagusiki Alicia Kiss eta Julene Queenen musika proiektu berriaren estetikaren itxura dute.
Antzerkia
Hurrengo egunean, ekainaren 1ean, eta urte askoren ondoren, antzerkia itzuliko da gaztetxera. Monstrenko kolektiboa eta Legaleon T konpainiek A Pesar de Todo obra taularatuko dute. Gaztelaniazko emanaldia izango da eta 19:00etan hasiko da.
Sinopsia: Bi pertsonai. Helburu handien falta eta porrotara deriba baina gogo handia galdu gabe arrakasta ezagutuko dute etxetik mugitu gabe.