Hilaren 31n Gure Esku Eguna ospatuko da Irunen
Burujabetzarako eskubidea izango da aldarri nagusia. Bestalde, ekainaren 7ko nazio manifestaziorako autobusa antolatu dute.

Maiatzean zehar hainbat izan dira Gure Eskuk egindako deialdiak, hala nola, informazio puntuak edota atzoko irteera Larhun mendi magalera. Ikurrina jarri zuten Lapurdiko mendiaren tontorrean eta burujabetzerako eskubidea aldarrikatu. Gure Eskuk ez du bi jarduera horietara mugatuko haien aldarria eta Gure Esku Eguna antolatu dute hilaren 31rako (larunbata).
Zabaltza plaza izango da elkar puntua eta 11:30ean irtengo dira kantuan eta dantzan, Santiago kalerantz. Urdanibia plaza izango da hurrengo geltokia eta bertan mutxikoak dantzatuko dituzte. Parte hartzaileen artean Txorimaloak soinu taldea, EKT Elatzeta eta Nabartenea abesbatzak egongo dira.
Azkenik, ekainaren 7an mobilizazio handia iragarri du Gure Eskuk Bilbon eta bertaratzeko autobusa antolatu dute Irundik. San Juan plazako Bixera autobus geltokitik abiatuko da autobusa 11:00etan eta plaza erreserbatzeko 628 17 05 30 telefonora idatzi edo deitu behar da eta Rafagatik galdetu.