Euskaraldiaren gainetik gaztelaniazko ekimen bat gailentzea egotzi diote udalari
Udaltzaingoaren koordinazio faltagatik, San Juan plazan crossfit lehiaketa bat eta Euskaraldiko ekimen bat zeuden programatuta, baina Euskaraldikoek utzi behar izan zuten plaza.

Atzo bukatu zen Euskaraldia eta ia hilabete osoko egitarauari itxiera ematen hasteko, larunbatean, San Juan plazan musika eta dantza behar zuten izan protagonista mutxikoekin, Txorimalo soinu taldearekin eta Elatzeta kantuz taldearekin. Baina, ordu eta toki berean crossfit lehiaketa bat zeukan aurreikusia Kirol departamentuak, eta Euskarakoak, berriz, Euskaraldiko ekimena.
Euskaraldiaren programazioarekin bat egindako taldeek salatu dute bi departamentuak ez direla koordinatu eta haiek izan direla San Juan plaza utzi behar izan zutenak. Haien jarduna Moskuko plazako “bazter batean” egin zutela deitoratu dute.Horri gaineratu diote crossfit lehiaketakoek momentu berean hiriko beste hainbat puntu erabili zituztela: Sarjia parkea, San Martzial kalea eta Uranzu pilotalekua.
Gertakari honek berriro ere euskara bigarren planora eraman izana leporatu diote udalari: “Euskaraldi betean haur, gazte zein helduz osatutako euskarazko ekimena udalak azken momentuan errefusatu du erdara hutsaz egin den kirol froga bat lehenetsiz”, azaldu dute.