Bidasoa da erretzaile gehien dituen Gipuzkoako eskualdea
Tabakoa erretzen ez hasteko prebenitzea helburu, hitzaldi informatibo bat eskainiko du Bidasoa ESIk eta Minbiziaren Kontrako Gipuzkoako Elkarteak ekainaren 2an, Palmera Monteron 17:00etan.

Tabakorik Gabeko Munduko Eguna da hilaren 31a (larunbata) eta Irungo Udalak Tabakoa modan dago? deituriko hitzaldi informatibo bat antolatu du, tabakoa erretzen ez hasteko prebentzioari buruzkoa. Antolakuntzan ere aritu dira Bidasoko ESI eta eta Minbiziaren Kontrako Gipuzkoako Elkartea.
Ekainaren 2an izango da hitzaldia 17:00etan Palmera Montero gunean eta hizlariak Laura Ramudo, osasun publikoko zerbitzuko komunitateko erizaina eta Maider Sierra, Minbiziaren kontrako Gipuzkoako Elkarteko prebentzioko teknikaria. Ez da beharrezkoa izena ematea.
Ordubeteko saioa izango da eta, besteak beste, kea eta kearen ondorioak, tabakoaren eta zigarro elektronikoen gisako gailuekiko menpekotasuna eta erretzeari uzteko teknikak eta laguntzak izango dituzte hizpide. Gerturatzen direnek galderak egiteko aukera izango dute.
Tabakoaren kontsumoak lotura handia duela gaixotasun ugarirekin ohartarazi dute eta zuzenean eragiten diola osasunari, baita bizi kalitateari, aurrezteko gaitasunari eta ingurumenari ere. Ohartarazpen hauei gehitu behar zaie erretzaile gehien dituen Gipuzkoako eskualdea Bidasoa dela.
Eusko Jaurlaritzak adikzioei buruz berriki argitaratutako inkestaren arabera, herritarren %22,53k dio tabakoa edo zigarro elektronikoa erre duela azken 30 egunetan, eta %18k aitortu du egunero kontsumitzen duela tabakoa edo zigarro elektronikoa. Datuen artean ere nabarmendu dute emakume erretzaileen kopurua 15 eta 21 urte arteko adin tartean %23,5ekoa dela, hau da, adin bereko gizonen tasa baino 5 puntu gehiagokoa.