Afrikaren Egunean aniztasuna "aberastasuna" dela aldarrikatu dute
Euskal zein Afrikar komunitateek Maria Madalena plaza izan zuten topaleku. Senegaldarren zein Sahararren kultura ezagutarazteko eta aldarrikapenerako eguna izan zen.

Hilaren 25ean Afrikaren Eguna ospatu zuten Hondarribian, Mankosengal elkarteak udalaren laguntzarekin antolatutako jaialdiaren bidez. Hondarribiarrek herrian bizi diren senegaldarren eta sahararren kultura gertutik ezagutzeko aukera izan zuten, eta afrikarrek aldarrikapenerako baliatu zuten eguna.
Oholtza gainean Awa Seck Mankosengal elkarteko presidentea izan zen hitza hartzen lehena. Afrikar komunitatearen pluraltasuna nabarmendu eta emakumeen lekua gizartean aldarrikatu zuen.
Ondoren, Euskal Herrian dauden emakume afrikarrek “emakume izanagatik, beltzak izanagatik eta migratzaileak izanagatik”, egunerokotasunean biolentzia mota ezberdinei aurre egin behar dietela adierazi zuen: “Aldarrikatu nahi dut ikusiak izateko, irainduak izan gabe kaletik ibiltzeko, gure ahotsak eta iritziak entzunak izateko, errespetuz tratatuak izateko, eta arrazismorik zein diskriminaziorik gabe bizitzeko eskubidea dugula. Gure azalaren kolorea ezberdina izango da, baina gure bihotzak berdinak dira. Soldata duin bat izateko eskubidea dugu, etxeko lanek eta zaintza lanek errekonozituak eta ekonomikoki baloratuak izan behar dute, familiek hezkuntza eta osasun sistema publiko eta doako baterako sarbidea izateko eskubidea dugu, horretarako ordaintzen baititugu gure zergak. Gainera, gure ahizpa euskaldunek bezala indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea dugu. Eskerrik asko gaur gurekin egoteagatik. Gora Afrika, gora Hondarribia, gora Senegal, gora Sahara libre, gora emakumeak!”.
Marie eta Rosari omenaldia
Segidan, emakume afrikarrei bidea zabaldu zien Hondarribira heldutako lehen emakume senegaldarrari, eta herrian bidelagun izan zuen hondarribiarrari omenaldia egin zieten. “Marie eta Rosa duela 26 urte ezagutu ziren eta gaur egun ez dira lagunak, ahizpak dira” esan zuen Binta Sarr-rek. Oholtza gainera igotzeko eskatu zien eta sorpresaz hartu zuten gonbita biek ala biek. Elkartekidearen hitzak hunkiturik entzun zituzten. “Marie Hondarribira heldu zen lehen emakume senegaldarra izan zen eta haren alaba, Rosaren seme-alabekin eskolako patioan jolasten hasi ziren. Hala ezagutu zuten elkar. Mariek bidea zabaldu zigun. Hari esker ingurune abegitsuagoa aurkitu dugu, eta aldi berean, erakutsi zuen emakume afrikarrak amak, langileak, libreak, eta parte hartzaileak izan gintezkeela. Rosak indar hori guztia errekonozitu eta elkarrekin bidea egin zuten. Eskerrik asko integrazio erreala errespetutik sortzen dela eta emakumeok elkarrekin aurrera egiten dugunean berdintasun erreal baterantz egiten dugula erakustearren”.
Lore eta besarkaden artean hartu zuen Mariek hitza. “Rosa ezagutzeko zortea izan nuen. Hondarribira heldu nintzenean nire alabak 9 hilabete zituen. Haren familiari esker ez naiz inoiz bakarrik sentitu. Hondarribian bigarren familia bat dut”. Euskal herritarrak zein afrikarrak elkar laguntzera eta elkarrekin bidea egitera animatu zituen azkenik.
Momentu goxo horren ondoren, Afrikak kontinente gisa pairatu duen kolonialismo eta arrazakerian ezarri zuten fokua gazteek. Gizakiaren historia Afrikan hasi zela gogoratu eta jasotako herentzia hori ospatzeko eguna zela adierazi zuten. Aldi berean, Afrikaren historian erronka handiak izan direla nabarmendu zuten ere, “besteak beste, kolonialismoa, txirotasuna eta ezberdinkeria”, baina Afrikarren erresilientziari esker gaur egun kontinentea eraldatzen ari dela esan zuten harro.
Afrikaren dibertsitatea ere haren indargune nagusietako bat dela nabarmendu nahi izan zuten: “3.000 kultura baino gehiago ditugu, beren hizkuntzarekin, tradizioekin, musikaren eta artearekin, eta guztiek Afrikaren panorama orokorra aberasten dute”. Hori dela eta, kultur aniztasuna zaindu, babestu eta sustatu behar dela aldarrikatu zuten.
Kultur aniztasuna aldarri
Aldarrikatu soilik ez, esandakoa ekintzekin adierazi zuten Mankosengal elkarteko kideek beren “ahizpa Saharauiak” jaialdiaren parte izatera gonbidatuz.
Sahararren ordezkari gisa Vivak hartu zuen hitza. Afrikarrek beren kulturarekiko atxikimendu handia dutela kontatu zuen, eta horregatik edonora doazela ere sustrai horiek beraiekin daramatzatela. Ondoren, beren jantzi tradizionalen zergatia azaldu zuen, eta bertaratu ziren guztiak haiekin batera tea hartzera gonbidatu zituen.
Azkenik, Igor Enparan alkateak hartu zuen hitza. Afrikaren Eguna mundu osoko kultur aniztasuna onartu eta baloratzeko eguna dela adierazi zuen: “Izan ere, Hondarribian herrialde askotako pertsonak bizi gara: senegaldarrak, kolonbiarrak, frantsesak, honduraskoak eta beste hainbeste lekutakoak. Eta guztiok aberasten gaituzten kulturak, bazkariak, hizkuntzak eta jaiak partekatzen ditugu”. Horregatik, atzokoa feminismo intersekzionalaren, dekolonialaren, multikulturalaren eta berdintasunezkoaren alde egiteko eguna zela esan zuen.
Aldi berean, pertsona guztiek esperientzia ezberdinak dituztela jakitun, guztiek gauza bera helburu dutela esan zuen ere: “Errespetuzko bizikidetza”. Hori dela eta, halako jaialdiek “eskubide berdintasunean bizi ahal izateko leku bat eraikitzen laguntzen dutela” nabarmendu zuen.
Azkenik, euskaldunak ere migratzaileak izan direla gogorarazi zuen. Euskal Etxeak dira horren erakusle eta euskaldunek kultura mantendu eta zabaltzeko aukera izan zuten bezala, Hondarribira etortzen direnek ere aukera bera izateko eskubidea dutela adierazi zuen. “Harrotasunez defendatzen ditugun Euskal Etxeak diren heinean guk ere gure herrira etortzen diren gazte, emakume, gizon jasotzen ditugu eta beren kulturak gure herrian aberastasun direla ulertzen dugu”.
Albistearen behekaldean HITZAren eta Iñigo Ibañezen argazkiak aurki daitezke.













































































