Irungo Atsegiña konpartsak buruhaundi berriak aurkeztu ditu
Buruhaundi zaharrei agur esan eta berriei harrera beroa egin diete irundarrek. Irun Hiria Musika Banda buruhandi berrien amabitxi izendatu dute.
Gaur goizean Almudena Grandes plazatxoan bildu dira Irungo Atsegiña konpartsako kideak, buruhaundiak eta erraldoiak. Urduritasuna eta ilusioa sentitzen ziren airean, buruhaundi zaharrei agur esan eta berriei lekua egiteko eguna izan baita gaurkoa.
Herritar andana gerturatu da Irungo Atsegiñarekin batera egunaz gozatzera. Erraldoiekin argazkiak atera dituzte zenbaitek eta buruhaundiekin jolasteko aukera izan dute besteek. Ondoren, erraldoiak bueltaka eta buruhaundiak haurrak zirikatzen zituztelarik egin dute Junkal plazarainoko bidea.
Irun Hiria Musika Bandako kideak zain zituzten bertan. Musika bandak Irungo Erraldoia 2025 saria jaso du aurten, eta gaurkoan buruhaundi berrien amabitxi izendatu dituzte, “elkartearekin izan duen lankidetza estua eta Irunen bizitza kulturalean egindako ekarpenagatik”, esan dute kideek.
Plazara heldutakoan buruhaundiek hartu dute protagonismoa. Belaunaldi berriei lekua uzteko ordua heldu zaie. Oscar Chavez-en Ados con el corazón abestiarekin eta erraldoiez inguratuta, dantzan egin dute azken aldiz buruhaundiek. Momentu hunkigarria izan da bertako guztientzat. Abestia bukatutakoan, herritarrek eta buruhaundiek agur esan diote elkarri.
Buruhaundi berrien txanda heldu da orduan. Herritarren txalo artean sartu dira plazara eta Zazpi jauzi dantzatu ondoren, maskuriak buru gainean bueltaka jarri dituzte, eskertza moduan. Ondoren, haurrak agurtu eta zirikatzeari ekin diote.
Buruhaundi berriekin Irungo Atsegiñak jai tradizioa “ilusioz eta begirunez berritzen” jarraituko du aurrerantzean ere.











































