Hondarribiko PSE-EE "kezkatuta" dago San Marko parkearen kudeaketarekin
Parkea Hondarribiarrentzat "eremu berezia" dela argudiatuz, urmaela "desegin" izana ez dute ontzat jo sozialistek.

Hondarribiko PSE-EEk ohar baten bidez, San Marko parkean egiten ari diren lanen kudeaketa salatu du eta “alde bakarreko erabakiak hartu izana, gardentasun falta eta auzokideekiko sentsibilitate eskasa” leporatu diote udal gobernuari.
2023an HAPO berria osatzeko hainbat bilera egin zituzten herritarrekin, eta horietan San Marko parkea “oso leku preziatua” zela egiaztatu ahal izan zutela adierazi dute lehenik sozialistek.
Bilera horien ondoren, 2024ko aurrekontuetan, udal gobernuak parkerako proiektu integral bat garatzeko 18.000 euroko partida bat jaso zuela gogoratu dute, baina proiektua gauzatu gabe geratu zela. Orduan, sozialistek, gauzatu ez izanaren inguruko azalpenak eskatu zituzten, eta jasotako erantzuna, “proiektua ez zela beharrezkoa eta hirigintza sailak hartuko zuela zuzenean bere gain” izan zela zehaztu dute.
Duela hilabete (apirileko osoko bilkuran) urmaelaren berri emateko batzorde bat deitu zuen udal gobernuak. Bertan, urmaela kentzeko, zuhaitz batzuk mozteko eta hartxintxarrezko bide batzuk egiteko lorezaintza proiektu baten berri eman zuten. Baina sozialistak kezkatuta irten bileratik; “izan ere, hirigintzako teknikariek eta arloko zinegotziak bilera batean parkeko zuhaiztietan urmaelek dituzten eraginak aztertzeko azterlan bat egiteko konpromisoa hartu zuten bitartean urmaela desegiten ari dira” deitoratu dute.
Elementu horiek “justifikazio tekniko gardenik gabe” eraitsi izanagatik tristetuta, herritarren gehiengoaren nahia alde batera utzi dela esan dute.