Martxa bat egingo dute Irun eta Hondarribia arteko bidegorria aldarri
Balazta elkarteak antolatu du eta bi zutabetan irtengo dira, San Juan plazatik eta Gernikako Arbolatik. Bidegorria "lehenbailehen" sortzea eskatuko dute.

Balazta bizikletaren aldeko elkarteak bizikletaren nazioarteko eguna kari, bizikleta martxa bat antolatu du ekainaren 1erako. Irun eta Hondarribia lotuko dituen bizikleta martxa bat egingo dute, “lehenbailehen” bi herrien arteko oinezkoentzako eta txirrindularientzako lotura “eroso, praktiko eta segurua” bermatuko duen bidegorri bat sor dezaten eskatzeko dagoekien erakundeei.
Bizikletaren nazioarteko eguna ekainaren 3an da berez, baina asteartea izaki, ekainaren 1eko igandean ospatzea erabaki dute. Egun honen xedea, besteak beste, munduko herritarrak bizikletaz ibiltzeak dakartzan onura ugariez kontzientziatzea da. Garraiobide honen erabilpenak onurak dituela osasunean eta ingurumenean nabarmendu du Balaztak.
Ibilbidea
Bi abiapuntu izango ditu martxak eta bi kasuetan 11:00etan irtengo dira; elkargune bat Irungo San Juan plaza izango da eta bestea Hondarribiko Gernikako Arbola. Bi martxek 11:30 inguruan Mendelu auzoan egingo dute bat –autobus geltokiaren ondoan– eta behin elkartuta, martxa bukatu egingo da. Herritarrei dei egin diete deialdiarekin bat egitera.
Bizikleta mekanika ikastaroa
Balaztak Irungo Larreaundi auzoan du egoitza eta bertan bizikletaren mekanika ikastaroak eskaintzen dituzte hainbat larunbatetan 10:00etatik 13:00etara. Hurrena hilaren 24an izango da eta beste bi saioak hilaren 31n eta ekainaren 14an. Ez da izenik eman behar parte hartzeko, nahikoa da bertaratzea Euskal Herria hiribideko haien lokalera.