Mankosengal elkartea eta Afrikaren Eguneko jaialdia aurkeztu dituzte
Emakume afrikarrei laguntza juridiko eta laborala eskaintzeaz gain, senegalgo kultura zabaltzeko eta euskal gizartean txoko bat egitea helburu duen elkartea da. Afrikaren egunerako egun osoko egitaraua prestatu dute, udalaren laguntzarekin.

Gaur goizean Hondarribian sortu berri den emakume senegaldarren elkartea aurkeztu dute: Mankosengal elkartea. Hondarribiko Polborinean izan da hitzordua, eta bertan elkartu dira Awa Seck elkarteko presidentea eta Binta Sarr idazkaria, Igor Enparan alkatearekin batera. Elkartea ofizialki aurkezteaz gain, hilaren 25ari begira, hau da, Afikaren egunari begira antolatu duten egun osoko jaialdiaren aurkezpena egin dute ere.
Hondarribian bizi diren afrikarentzat egun berezia izaten da urtero hilaren 25a, eta aurten are bereziagoa izango dela adierazi dute elkartekideek; izan ere, lehen aldiz Hondarribian bizi diren afrikarrek beren kultura, ohitura eta tradizioak euskal komunitatearekin elkarbanatzeko eta elkarrekin eguna ospatzeko aukera izango dute. Afrika Eguna 2025 Mankosengal elkartearen ekimenez, eta Hondarribiko Udalaren laguntzarekin, antolatutako jaialdia da.
Hondarribiko biztanleriaren %10 migratzaileak dira, eta komunitate ezberdinen artean, senegaldarrak “komunitate jendetsua” direla azaldu du alkateak. Horregatik, elkarte bat osatu eta herritarrekin elkarbizitza egiteko pausoak eman izana balioan jarri ditu aurkezpenean.
Mankosengal elkartea Senegaletik etorritako emakumeek osatzen dute, eta Afrika Eguna 2025 jaialdiaren bidez, emakume afrikarren eskubideak ikuspegi dekolonial batetik ikusaraztea du helburu, kultura ezberdinen arteko ahizpatasun espazioak eraikiz. Zentzu horretan, emakume migratzaileek beren bizitza euskal herritarrekin batera egiteko aukera eskaini behar dela adierazi du alkateak: “Ezagutu egin behar ditugu, eta ezagutu egin behar gaituzte; guztiok aberasten baikara elkarren arteko harremanak sendotuz”.
Afrikaren Eguna 2025
Hilaren 25ean goizeko 11:30ean Gipuzkoa plazan egingo dute hitzordua. Parte hartzaileei ongietorria eman eta kulturarteko ibilbideari hasiera emango diote. Mankosengaleko kideek emakume sahararrak gonbidatu dituzte bidea elkarrekin egiteko, eta euskal herritarrekin batera herriko kaleak zeharkatzea dute asmo. Ibilaldia Madalen karrikan bukatuko da 12:30ak aldera. Bertan, manifestuaren irakurketa egingo dute.
Ondoren, 13:00etatik 14:00etara imaginario kolonialak deseraikitzeko tailerrak egingo dituzte: helduentzat identitate eta kultura afrikarrei buruzko tailerra antolatu dute, eta haurrentzat ipuin kontalariak, wolof-euskara idazketa tailerra eta aurpegi margoketarako txokoa ezarriko dituzte.
Tailerrak bukatutakoan senegalgo gastronomiaren destaketa egingo dute. Thieboudienne, maffe eta thiakry jakiak prestatuko dituzte. 15:00etatik 16:30ak bitarte musika eta dantza saioa antolatu dute, eta 16:30etik aurrera senegalgo kirol tradizionalak ezagutzeko aukera eskainiko dute.
Mankosengal elkartea
Mankosengalek “barku baten bidezko elkartasuna” esan nahi du. Hala azaldu du Binta Sarr-ek aurkezpenean. “Senegal hitza barku batetik dator, beraz, Mankosengalek barku baten bidezko elkartasuna adierazten du”.
Binta Sarr 2013an heldu zen Euskal Herrira. Senegalen ikasketak burutu zituen arren, Euskal Herrira bertaratzean titulu horiek homologatzeko ezintasunarekin egin zuen topo. Hark bezala, beste hainbat emakumek pairatzen duten egoera dela salatu du, eta hortaz gain, hizkuntza ere arazo handia dela eta hura ikasteko esfortzu handia egiten dutela kontatu du. Egoera horren aurrean babes sare bat sortzea ezinbestekoa iruditu zitzaien eta Mankosengal elkartea eratzea otu zitzaien.
Euskal Herrira etorritako emakume senegaldarrek osatzen dute Mankosengal elkartea beraz. Horiek Hondarribian, Irunen eta inguruko herritan bizi dira, eta bakoitzak bere istorio propioa duen arren, gaur egun esperientzia berbera parketatzen ari direla azaldu du Awa Seck presidenteak: “Euskal Herrian bizitza eraikitzen saiatzen ari gara”.
Presidenteak ondoren, euskal herritarrek duten Afrikarekiko irudia aldatzeko beharra sentitzen duela adierazi du: “Jendea Afrikaz hizketan entzuten dudanean, Afrika herrialde bakar eta homogeneo bat balitz bezala ulertzen dutela konturatzen naiz, eta hori ez dela horrela azaltzeko beharra sentitzen dut. Afrika oso kontinente handia da eta 54 herrialde barnebiltzen ditu, milaka hizkuntza eta kultura ezberdinekin. Mankosengan elkartean 6 dialekto ezberdin baino gehiago hitz egiten ditugu. Emakume afrikarrak bloke bakar baten parte ez garelaren adierazle da hori”. Beraz, hori guztia azaltzeko “gogotsu” agertu dira elkartekideak.
Gogo horren erakusle da Mankosengal elkarteak hasi duen bidea. Astelehen honetan (hilak 19) antolatu zuten elkartearen lehen ekitaldia [Ahizpatasun sareak eta lidergo feministak Afrikako emakumeen ikuspegitik deituriko mahai ingurua] eta Afrikaren Egunaren ondotik egiteko horretan jarraituko dutela ziurtatu du Binta Sarr-ek. “Elkartea herrian eragiteko, laguntza eske datozenak bideratzeko -laguntza juridiko eta laboral bidez- eta emakumeek beharrezkoak dituzten ekintzak sustatzeko sortu dugu elkartea. Baita Senegalgo kultura eta folklorea zabaldu eta laguntza sozioekonomikoa emateko ere. Eta guzti hori, euskal gizartean leku bat egiten dugun bitartean egin nahi dugu”.
Bide horretan udala lagun izango dutela ziurtatu du Igor Enparanek. Segundurik galdu gabe, elkartekideek esker berezia helarazi nahi izan diote alkateari, eta udalak egin duen lanarekin “oso harro” daudela adierazi dute.