Euskaldunak eta nazien kontzentrazio esparruak, Kabigorrin
Maria Josefa Sanzberro Etxeberria 'Maddi' oiartzuarraren bizitzan oinarritutako dokumentala eskainiko du Kabigorrik hilaren 29an, 19:30ean.

Kabigorrin Ezkutuan zegoen historia dokumentala proiektatuko dute hilaren 29an (osteguna) 19:30ean. Nazien kontzentrazio esparruetara deportatutako euskaldunen gaia jorratu dute Errenteria-Oreretako La ilusión kultur taldeak ikerketa egindako lan honekin. Zehazki, Maria Josefa Sanzberro Etxeberriaren Maddi bizitza hartu dute oinarritzat.
Bigarren Mundu Gerran, Frantziako erresistentziarekin konprometitutako emakumea izan zen Sanzberro. Oiartzunen jaio zen, baina 1919. urtean, bere familiarekin Bidasoa gurutzatu eta Senperera joan zen bizitzera,”bizitza berri baten bila”. Ondoren, hamarkada batzuk geroago, Francoren garaipenarekin eta Espainiako Errepublikaren porrotarekin, milaka euskal herritarrek alde egin behar izan zuten erbestera, eta horiek guztiak Sanzberrok egindako bide beretik zeharkatu zuten Frantziako muga.
Bertan, 1938. urtean, Sanzberro Pierre Nicolasekin ezkondu zen; Sarako Santinazioko Lepoan zegoen Collado de San Ignacio hotelaren jabea zen, eta bertako langilea zen Sanzberro. Dokumentalean ikus daiteke baita ere, Alemaniako naziek 1940. urtean Frantzia inbaditu zutenean (Belgika eta Herbeherekin batera), Sarara iritsieta bertan geratu zirela, hain zuzen ere, Sanzberroren ostatu ondoan.
Erresistentzia sareetako partaide
Irudiek aurrera egin ahala, off ahots batek kontatzen du gero nola Sanzberrok, bere alababitxi Marie-Jeannerekin batera, zenbait erresistentzia saretan parte hartu zuela 1940. urtetik aurrera; hala nola, Democratie, Komete sarea, ORA, Tartane-Massena eta Nivelle de Bidasoa-n aritu zen. Bere zeregina aliatuei informazioa helaraztea, horiei ostatu ematea, eta oilategi batean dokumentuak ezkutatzea izan zen.
Zeregin horietan aritu zen, 1944. urtean atxilotu zuten arte. Ikus-entzunezkoak kontatzen du Sarako udaletxeko funtzionario baten salaketa baten ondorioz atzeman zutela eta Hendaiara eraman zutela alababitxiarekin batera. Ondoren, Fort du Ha-ra, eta azkenik, Bordelera. Handik, Alemaniako Dachau kontzentrazio eremura lekualdatu zituzten, eta, gero. Ravensbruck-eko emakumeenera, 1944ko abuztuaren 30ean.
Bertan, bi senideak elkarrengandik bereizi zituztela azaltzen du dokumentalak, eta, Sanzberro kanpo lanak (karga eta deskarga lanak, besteak beste) egiten eduki zutela. Sanzberrok, egokitutako lan horiek egiten ari zela ihes egin zuen, baina urte bereko irailean, berriz ere atzeman zuten eta kontzentrazio esparru berera eraman. Ihes egitearen ondorioz, ordea, zigor gisa, Sachsenhausen-eko kontzentrazio eremura eraman zuten. Han hil zen 1944. urteko azaroaren 13an.