Sare Herritarra: "Eskuetan dugu pieza hori orain eta bere tokian jartzea falta da"
'Puzzlea osatu arte!' ekimena Irun, Oiartzun, Errenteria-Orereta eta Lezotik igaro da gaur. Oarso Bidasoko herri horietako bost presok kondena erregimen irekian betetzea aldarrikatu dute.

Sare Herritarrak bultzatutako Puzzlea osatu arte! ekimenak lur hartu du gaur Irun, Oiartzun, Errenteria-Orereta eta Lezon. Guztira 28 herri zeharkatu ditu eta herri horiek kondena kalea zapaldu gabe bete behar duten 57 euskal preso politikoen herriak dira. Bidasoan eta Oarsoaldean bost preso dira salbuespen politikak pairatzen dituzten preso politikoak: Iratxe Sorzabal Diez eta Fermin Vila Mitxelena Fermo irundarrak; Joanes Larretxea Mendiola oiartzuarra; Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea Goierri oreretarra; eta Lorentxo Aiestaran Legorburu Fanekas lezoarra.
Ekimena xumea izan da. Herri bakoitzeko plazan elkartu dira herritarrak eta Sare Herritarraren karabanako kideek herri bakoitzeko presoaren izena daraman banderatxoa entregatu du dagokion herrian, eta trukean, puzzle zati bat entregatu dute herritarrek plaza bakoitzean. Gogoratu eta sinbolizatu egin dute Euskal Herria “urteak” daramatela denen artean puzzle bat eraikitzeko lanean. Pieza hau eskubide urraketa askogatik askorentzat “sufrimendu handia” eragin dituen gatazka politiko baterako soluzioen puzzlea dela adierazi dute. Bihar osatuko dute puzzlea Iruñean.
Irakurketa politikoa
Euskal gizartearen taulak pieza guztiak jartzea “izugarrizko erronka” dela aitortu du Sarek, “asko eta neurri, forma eta kolore anitzekoak direlako gatazka luze eta gogor horren gorabeherek barreiaturik utzi zituztenak”. Dena den, “aurrera” joango direla “soluzioen puzzlea erabat osatu arte” aldarrikatu dute. “Taula berean denok elkarren ondoan biziko bagara ezinbestekoa delako”, zehaztu dute.
Puzzle bat eraikuntza “harmoniatsu bat” dela uste dute eta pieza bat bera ere ez dagoela soberan esan dute, bat bera ere ez falta ez delako. “Badakigu zein pieza ditugun, eta taulan denak sartzen ditugunean bukatuko da lana, ez lehenago”, argitu dute. Gaurkoa, baina, “pozik” egoteko eguna dela erakutsi dute, euskal preso, erbesteratu eta deportatuak etxera itzultzearekin lotuta dauden puzzlearen zenbait pieza kokatu baitituzte.
Jarraian, euskal presoak Euskal Herriko espetxeetara lekualdatzea eta gradu progresioaren politika ezartzen hastea izan dute hizpide. Bi mugarri horiek legeak jasotakoarekin bat egitea izan dela uste du Sarek eta aldaketa horiek aukera eman dutela iritzi dute “amesten dugun puzzle osatuaren irudia bistaratzeko”.
Hala ere, piezetako bat kostata aurkitu dutela oroitu dute: Europako zuzentarauaren aplikazioa, Frantziako kartzeletan betetako zigorraren denbora kontuan izateko. “Eskuetan dugu pieza hori orain, bere tokian jartzea falta da, harekin estu loturik dauden beste pieza asko ere sartu ahal izateko”. Prozesuaren bukaerara iristen ari direla ondorioztatu du Sare Herritarrak. Etxera itzuli ez diren erbesteratu eta deportatuak izan dituzte ere gogoan.
Erregimen itxian 57 euskal preso politiko ari dira betetzen kondena, kalera irteteko aukera programatu eta kontrolatuekin. Erregimen irekira igarotzeko baldintzak betetzen dituztela preso horietako askok salatu dute. “Guztientzat modu ezberdinean baina guztientzat dira oztopo etxerako bidean salbuespen lege eta politikak. 57 herri hauentzat behar bat da ahalik eta azkarren salbuespenarekin amaitzea, honek, urte gehiagoz sufrimendua luza dezakeelako. Sufrimendua gehiago luza ez dadin, etxean behar ditugula adierazi nahi dugu”, eskatu dute.
Azkenik, Leire Gandariasek idatzitako poesia ekarri dute, euskaratuta: “askotan, puzzlea osatzeko pieza bakar bat falta delarik bukatzen da denbora”. Egoera horren aurrean, “alferrikakoa” dela azaldu dute ordura arte egindako ahalegina, eta hartara, azken piezak lehenbailehen aurkitu beharra dagoela berretsi dute. “Ez dezagun denbora hiltzen utzi”.
Hona hemen Oarso Bidasoko ekimenen argazkiak eta bideoa:











