Lan hitzarmenaren negoziaketa oztopatzea leporatu dio ELAk Txingudiko Zerbitzuak-i
Txingudiko Zerbitzuak-eko langileek ostiral honetan egingo dute negoziaketa "zintzo" bat eskatzeko lehenengo elkarretaratzea. Goizeko 09:30ean izango da, enpresaren aurrean.

Txingudiko Zerbitzuak-eko zuzendaritza lan hitzarmenaren negoziaketa oztopatzen ari dela salatu du Bidasoko ELAk, eta orain arteko egoeraren berri eman du:
Txingudiko Zerbitzuakek hitzarmena negoziatzeko mahaia osatu eta martxoaren 24ko mahaian ELAk, aldarrikapen plataforma bat aurkeztu zuela azaldu dute. Plataforma horrek azken urteetan izandako eros ahalmenaren berreskurapena, hitzarmenaren iraunaldirako KPIaren goitik dauden soldata igoerak, plusak, bajak %100 osatzea baldintzarik gabe, jardunaldi murrizketa, enpresak hitzarmena aplikatzeari uztea ekiditeko klausula, ordutegi, egutegi, baimen eta lizentziekin zerikusia daukaten hainbat aldarrikapen, telelana, taulan baliokideak diren kategorien ekiparazioa eta azpikontratazioa mugatzea aldarrikatzen ditu, besteak beste.
LABek oraindik aldarrikapenak egin gabe zituela, eta Aste Santua tartean zegoela argudiatuz, enpresak hurrengo mahaia hilaren 16ra atzeratzea erabaki zuen. Azkenean, egun horretako hitzordua bertan behera geratu dela salatu du sindikatuak, “hurrengo datarik proposatu gabe”. ELAk azaldu duenez enpresak bilera egiteko ekaineko Administrazio Kontseilura itxoingo dutela argudiatu du.
Sindikatuaren iritziz “errespetu falta” da hitzordua bertan behera uztea; izan ere, 8 asteko epea egin beharreko bilera edota kontrasteak egiteko nahikoa denbora dela uste dute: “Garbi dago zein den guzti honen helburua: hitzarmenaren negoziaketan denbora luzatu eta oztopatzea”.
Hori dela eta, “errespetuz eta arduraz” jokatzeko eskatu diote Txingudiko Zerbitzuak-eri. Negoziaketa “zintzo” bat aurrera eramateko eskatzeko mobilizazioak deitu dituzte. Ostiral honetan egingo dute lehenengoa, goizeko 09:30ean enpresaren aurrean.