Manifestatzera deitu dute osasun baliabideen "narriadura progresiboa" gelditzeko
Hilaren 31n egingo da manifestazioa eta Irungo San Juan plazatik irtengo dira 18:30ean. Bereziki, ospitaleko pediatriako larrialdi zerbitzua ez ixtea eta Bidasoko ospitalean beste ospitaletako eredua aplikatzea izango dituzte aldarri.

Enegarrenez agerraldia egin du 40 eragilek osaturiko Osasun Bidasoa plataformak eta eskualdeko osasun baliabideen “narriadura progresiboa” salatu dute berriro ere. Oraingoan, gainera, berriro kalera irteteko deia egin dute hilaren 31rako eta manifestatu egingo dira Irungo kaleetan barrena. San Juan plazatik irtengo dira 18:30ean. Horrez gain, bihar, Bidasoa ospitalean elkarretaratzera dei egin du ESK sindikatuak 14:00etan.
Osasun Bidasoak uste du narriadura honen oinarrian hornidura historiko eskasa dagoela, bai azpiegituretan baita profesionaletan. Defizit kronikoa badela iritzi dute eta “baliabideen plangintza txarra” eta “profesionalen kudeaketa desegokia” gehitu behar zaizkiola adierazi dute. Hargatik, osasungintzako langileek ez dutela Bidasoan lan egin nahi deitoratu dute eta beste eskualdetara joaten ari direla mahai gaineratu dute. “Beste eskualdeetan baino okerrago tratatzen ari digute. Hemen gertatzen ari dena ez da beste inon gertatzen ari”, salatu dute.
Aldarri andana oihukatuko dituzte. Batetik, ospitaleko pediatriako larrialdi zerbitzua ez ixtea eskatuko dute eta ospitaleko pediatria kontsultak bueltatzea, betiere profesionalak gainkargatu gabe. Bestetik, beste ospitaletako eredua Bidasoan ere martxan jartzea eskatuko dute. Azkenik, Urdanibia plazako ospitaleko haurren psikiatria zerbitzua berreskuratzea ere eskatuko dute. Hori gutxi ez eta orain arteko beste aldarriak ere soinean eramango dituzte: urologiako kontsulta martxan jartzea; proba diagnostikoetarako eta kontsultetarako itxaron zerrenda amaigabeak bukatzea; eta Bidasoko osasun publikoaren kudeaketa hobetzea.
Manifestaziora joango den pertsona bakoitzaren presentziarekin, eskualdeko osasun baliabideen kudeaketarekin ados ez daudela erakutsiko dute nagusiki eta horri buelta ematea eskatu. Orain arteko deialdietara nagusiki adinekoak joan direla baloratu du plataformak, baina oraingoan familiak eta haurrak ere asko gerturatuko direla uste dute, haiei zuzenean eragingo baitie azken erabakiek. Eskualdeko eskolekin harremanetan jarri dira.
Ospitaleko pediatria zerbitzua
Plataformak deitoratu du beste arazo berri bat gehitu behar zaiola eskualdeko osasun sistemari: ospitaleko larrialdietako pediatria zerbitzuaren itxiera. Apirilaren 13an itxi zuten eta erabaki hau “behin betikoa” dela adierazi du Osasun Sailak. Lakuak zerbitzu hau “eskualdean ez dela behar” argudiatu izana salatu du Osasun Bidasoak.
Itxiera honen aurrean, haurrak dituzten familiak Donostiako ospitaleko larrialdietara edota Irun erdiguneko anbulatorioko larrialdietara joan beharko dira. Irungo kasuan, familia mediku batekin egingo dute topo paziente txikienek, baina zerbitzu honen narriadura lehenagotik datorrela ohartarazi dute plataformako kideek.
Ospitalea ireki zenean bazegoen pediatria zerbitzua ospitalean, hau da, ez zen soilik larrialdi zerbitzua eskaintzen eta bertan zeuden lau pediatrek guardiak egiteaz gain, kontsultak ere eskaintzen zituzten. Baina hori guztia 2012an desagertu egin zen eta pediatra horiek guztiak kendu zituzten. Ordutik, Irungo anbulatorioko pediatrek egin dute lan ospitaleko larrialdi zerbitzuetan eta horrek anbulatorioko kontsulten narriadura ekarri duela deitoratu du plataformak.
Azken hamar urteetan pediatra bakarra egon da Bidasoko ospitalean lanean baina pediatraren espezializazio titulua homologatzea eskatu zioten Kuban ikasi zuen mediku honi. Plataformak azaldu du “oso zaila” izaten dela espezializazioen tituluak homologatzea eta ez zuenez lortu, pediatra honi kontratua ez berritzea erabaki zuen Osakidetzak. Pediatra hau Bortzirietan lanean dabilela gaineratu dute. “Nafarroako gobernuak kontratatu ahal izan dio baina Bidasoko ospitaleko kudeatzaileek ez”, azaldu dute.
Pediatra honek ospitaleko lanpostua uzteak “dena lehertzea” eragin duela uste du Osasun Bidasoak. Izan ere, pediatra honen faltan erabaki du Osakidetzak larrialdietako pediatria zerbitzua ixtea. Erabaki honek ez du soilik eragiten larrialdietan; haur bati espezialista batek esaten baldin badio operatu egin behar diotela, ezingo diote operatu anestesia jartzeko garaian aurrean pediatrarik ez badago.
Beraz, haurrek operazioren bat behar badute, txikia edota konplikazio handiagokoa, Donostiako ospitaleko itxaron zerrendetan eman beharko dute izena. Ixte honek ospitale osoko sisteman eragin zuzena duela salatu dute. “Haur batek hanka apurtu badu eta operatu behar baldin bada, orain arte Bidasoan operatzen zioten baina pediatrarik ez dagoenez, Donostiara joan beharko dute”, jarri dute adibide.
Bidasoko larrialdietako pediatria zerbitzuak astean 99 ordu gutxiago eskainiko ditu baina Osakidetzaren arabera, pediatria zerbitzua “hobetu” egin da. Izan ere, anbulatorioko kontsulten ordutegia luzatzea erabaki du Osakidetzak, baina, era berean, larrialdietako zerbitzua behin betiko itxi dute. Laburbilduz, astean zehar 17:00etatik hurrengo eguneko 08:00ak arte ez dago pediatrarik eta asteburuetan 24 orduz faltako da.
Hala ere, Osakidetzak proposatutako eredua ez direla ari betetzen ere salatu dute, hau da, Irun zentroko eta Hondarribiko anbulatorioetan daude pediatrak 17:00ak arte baina Dunboako anbulatorioan, ez. Azken bi kasuetan 15:00ak arte egiten dutela lan adierazi du plataformak. Ordu horretatik aurrera Irun erdiguneko familia medikuak artatzen ditu haurrak, baldin eta haurraren beharra larria ez bada. Balorazio hau mediku batek egiten du eta Donostiako pediatriara bideratzen dute pazientea.
Haurren psikiatria zerbitzua
Bidasoa ospitalean ematen den haur psikiatria zerbitzua Donostiako ospitalera lekualdatu zuten iragan martxoan. Pertsonala kontratatzerako orduan, instalazioan muga direla esan du plataformak, kontsulta gune falta dagoelako. “Haur eta gazteen psikiatriako zerbitzua Bidasoako Ospitaleko bigarren solairuan zegoen, ebakuntza gela berriak aurreikusita dauden lekuan”, azaldu du plataformak. Dena den, Osakidetzak iragarri dio plataformari profesional bat agertzen denean zerbitzua berriro itzuliko dela.
Gaurko agerraldian haurren psikiatria zerbitzuko paziente baten aita egon da eta hark esan du Bidasoko psikiatria zerbitzua ixtearen ondorioak pairatzen ari diren guraso taldearen bozeramailea dela. “Oso kezkatuta” daude haien seme-alaben osasun mentalagatik eta Bidasoko espediente guztiak Donostiara eraman dituztela salatu dute. Espediente horietako batzuk Irungo psikiatrari pasa dizkiote.
Dena den, gurasoak deitoratu du orain eskaintzen ari diren zerbitzua ez dela “egokia”. “Arazoa jada ez da psikiatrarik gabe geratu garela eskualdean, baizik eta beste zerbitzuak gainkargatzen ari direla, esate baterako, Donostiako haurren psikiatria zerbitzua”, zehaztu du. Exijitu egin dute Urdanibia plazako ospitaleko osasun mentalean psikiatra bat egotea.