Maiatzean agenda beteta du Gure Eskuk
Gure Esku Eguna hilaren 31n ospatuko dute, eta Larrunera igoera, berriz, ere egingo dute hilaren 25ean.

Gure Eskuk maiatzerako hainbat ekitaldi antolatu ditu Irunen eta herritar guztiei dei egin diete horietan parte hartzera. Lehenik, larunbat honetan (hilak 17) informazio mahaia jarriko dute eta horretarako hurrengo data hilaren 24a izango da. Mahaietan egoteko jendea behar dutela-eta laguntza eskatu dute.
Mendi zaleek hilaren 25a apuntatu behar dute haien agendetan. Larrun mendira igoera egingo dute eta bertan ikurriña jarriko dute. Bi tokitatik egingo dute mendira irteera; Azkainetik 09:00etan, eta Beratik 10:00etan. Ondoren, ekitaldia egingo dute mendi tontorrean, 12:00ak inguruan.
Azkenik, hilaren 31n Gure Esku Eguna ospatuko dute Irungo kaleetan barna. Eguna 11:30ean hasiko dute Zabaltza plazan eta Txorimaloak soinu taldearen konpainian, Santiago kalera joango dira. Bertatik Urdanibia plazarantz jarriko dute iparrorratza eta bukaeran San Juan plazan izango da. Kantu eta dantza jira egingo dute Elatzeta abesbatzarekin eta mutxikoak dantzatuz.