EH Bildu: "Kiroldegia, futbol zelaia eta hondartza udal eremu izan daitezen esku hartzen ari gara"
Bi urtez itxaroten egon ondoren, hilaren 9an lortu zuen Hondarribiko Udalak Madrilgo Trantsizio Ekologikoko Ministeriotzako ordezkaritzarekin biltzea.

Hondartza kiroldegia, futbol zelaia eta hondartza inguruak udal eremu izan daitezen lanean ari direla jakinarazi du Hondarribiko EH Bilduk hedabideetara bidalitako ohar baten bidez.
Bi urtez itxaroten egon ondoren, hilaren 9an lortu zuen Hondarribiko Udalak Madrilgo Trantsizio Ekologikoko Ministeriotzako ordezkaritzarekin biltzea. Honakoa EH Bilduk Senatuan egindako kudeaketari esker izan dela azaldu dute bilkideek. Bilera horri esker, aipatutako eremu horien egoera ezagutu ahal izan zuten. Zehazki, Madrilen itsas lehorreko jabari publikoko izendapena izatetik, udal eremu izateko egin beharreko desafektazio prozesu administratiboaren egoera ezagutu zuten.
Bilera hartan, besteak beste, Idurre Bideguren EH Bilduko senataria eta Hondarribiko Udaleko Garoa Lekuona izan ziren.
Kiroldegiaren, futbol zelaiaren eta hondartza inguruaren egoera administratiboa
Bilkideek azaldu dutenez, 1980, 1992 eta 2004an lortutako emankidei esker erabili ahal izan ditu udalak urte hauetan guztietan kiroldegiaren, futbol zelaiaren eta hondartzaren inguruko lur horiek. “Baina hamarkadak dira lehen bi emankidak iraungi zirela, eta azkenekoa urte honetako otsailean iraungi da” azaldu du Lekuonak. Hori dela eta, azken urteetan irregulartasun egoera onbidean jartzeko lanketan ibili direla adierazi dute bilkideek.
Hori dela eta, pozik azaldu dira ezker abertzaleko kideak, 2023az ezkero Ministeriotzako ordezkariekin biltzeko egindako saiakera guztien ondoren, “informazio eguneratua eta udalarentzat onuragarria dena” eskuratu ahal izan dutelako.