Kiliki, Sune, Fane edo Reparation Sound Irungo festetako kartelean
Jaietako kartel osoa iragarri du udalak. Aurten ere hiru oholtza egongo dira: San Juan plazan, Urdanibia plazan eta Gaztegunean.

Martxoaren hasieran Irungo sanmartzialetako kontzertu batzuk aurreratu zituen udalak, baina egitaraua ixteke zegoen. Aste honetan berriro egin dute agerraldia Irungo Udaleko Sandra Caballero Gazteria ordezkariak eta Nuria Alzaga Kultura ordezkariak, eta haiekin batera izan dira Burrunba Elektrotxaranga, Onavibe musika taldeko, Deklibe taldeko, eta Raks Club eta Lotura elkarteetako kideak.
Egitarau hau Gaztegunean, Santiagoko frontoian eta Urdanibia plazan eskainiko diren kontzertuen parte dira. [Egitaraua ikusteko, joan albistearen bukaerara]. Horrez gain, Txaranga Eguna egingo da hilaren 14an eta hiriko kaleak alaitzen arituko dira haien musikarekin. Bereziki Irun erdiguneko kaleetan ibiliko dira. Haiekin batera Burrunba Elektrotxarangak bere hamargarren urteurrena ospatuko du eta Rockalean ekimenarekin bat egingo du ospakizunak. Jaialdi honetan Joselontxos, Mogunbo eta Jaiak taldeek hartuko dute parte.
Musikaren Egunak ere presentzia handia izango du eta Lotura elkarteak antolatu du egun horretarako menua. Berezia izango da egun hau, hiru agertoki prestatu baititu Iñaki Garcia parte den elkarteak, betiere musika elektronikoari eta etxeko artistei lekua luzatuz. Peña kalean, Reparation Sound talde irundarrak arratsaldea girotuko du, eta ondoren, Ospitale Zaharraren pareko lorategietan Ultralagrima eta Dame Areak joko dute. Azkenik, Urdanibia plazako oholtzara igoko dira Mainline, Magic Orchestra, Jass eta Toccororo musika jartzaileak.
Irungo taldeak ere hiriko jaitako oholtzara igoko dira eta bozketa bidezko prozesua bukatuta, Onavibe eta Deklibe taldeek izango dute kontzertu nagusien aurretik jotzeko aukera. Hurrenez hurren, ekainaren 21ean, Suneren aurretik; eta ekainaren 23an, Gatiburen aurretik joko dute bi talde horiek.
Azkenik, Gazteguneko izarrak Kiliki, Fane eta Maria Escarmiento izango dira. Horiek ekainaren 26an, 27an eta 8an joko dute.
Kontzertuen egitaraua
- Ekainak 13, ostirala: Puro Relajo (San Juan plaza).
- Ekainak 14, larunbata: Txaranga Eguna + Fangoria (Erdigunean eta San Juan plazan).
- Ekainak 20, ostirala: Reparation Sound + Ultralagrima + Dame Area + Mainline + Magic Orchestra + Jass + Toccororo (Peña kalea eta Urdanibia plaza ingurua)
- Ekainak 21, larunbata: Sune + Zirkinik Bez + Onavibe
- Ekainak 23, astelehena: Gatibu + Deklibe
- Ekainak 27, ostirala: Ladilla Rusa (Urdanibia plazan) Kiliki + Fane (Gaztegunean).
- Ekainak 28, larunbata: Judeline (Urdanibia plazan) Maria Escarmiento + Suso (Gaztegunean) Jamaica Show (San Juan plazan).
- Ekainak 30, astelehena: Diskofestak (Urdanibia plazan).