Puzzlea osatu arte! ekimenaren pieza bat Irunen osatuko da
Presoek kondenaren azken urteak etxean betetzea aldarrikatuko dute. Ekimenak Bidasoan egingo duen geldialdi bakarra izango da eta San Juan plazan izango da hilaren 17an 10:30ean.

Euskal Herriko 29 herrietako 58 preso politiko ari dira kondena betetzen kalera irteteko baimenik gabe, eta Irunera gerturatuta Fermin Vila Mitxelena Fermo eta Iratxe Sorzabal Diaz dira baldintza horietan kondena betetzen ari diren presoak.
Hilaren 17tik 18ra Puzzlea osatu arte! ekimena egingo da aipatutako 29 herrietan. Lesakatik irtengo da karabana bat Irunerako noranzkoan eta bi egunez 29 herriak zeharkatuko dituzte, Iruñea helmuga. Herri bakoitzean 15 minutuko ekitaldia egingo da eta Irunen hilaren 17an izango da, 10:30ean San Juan plazan.
Karabana iristen denean, Sare Bidasoko kideek puzzlearen pieza bat entregatuko diote karabanako kideei, eta hauek, Sareri olana bat emango diote Vila eta Sorzabalen izenak jasotzen dituena. Preso hauek etxerako bidea erregimen irekiarekin hastearen garrantzia nabarmenduko dute. Kondenaren azken urteak etxean bete ditzatela ere aldarrikatuko dute.
Azkenik, elkartasun argazkia aterako da San Juan plazan bertan. Ekimenean parte hartzeko deia irundarrei soilik ez ezik, Behe Bidasoa osoko herritar orori zabaldu diete.