Itsas ondarea eta aktibitateak ezagutzeko aukera Hondarribian
'Hondarribia Itsas Herria' eta 'Itsasoratu' egitasmoak aurkeztu dituzte. Lehena hilaren 15etik 17ra izango da, eta bigarrena hilaren 18an.

Gaur goizean Hondarribia Itsas Herria, II. Itsas Ondare topaketak, eta Itsasoratu egitasmoak aurkeztu dituzte San Pedro kaleko Saregileen plazan. Estitxu Urtizberea Jarduketa Ekonomikoko zinegotzia, Ortzi Alonso Kultura zinegotzia, Goio Uribe eta Maddi Carton teknikariak eta herriko hainbat eragile bildu dira bertan, itsasoa ardatz izango duten lau egunak aurkezteko.
Hondarribia Itsas Herria II. Itsas Ondare topaketak
Iaz egin zuten Hondarribia Itsas Herria egitasmoaren lehen edizioa eta oso harrera ona izan zuela azaldu du Kultura zinegotziak: “Gauza xume bat da, baina oso kontent gaude egindako lanaz”.
Hondarribia itsasoari lotutako herria dela ukaezina da, “ezin dugu irudikatu Hondarribia itsasorik gabe, kantauri itsasorik gabe” adierazi du Alonsok, baina hori baino gehiago ere badela azaldu du: “Itsas ondareaz hitz egiten dugunean ezin dugu ahaztu baserritarrez, eta gure landa eremuaz”.
Zentzu horretan, iaz hasitako lanari jarraiki, landa eremu horretara gerturatzeko saiakera berezia egin dute; itsasotik abiatuz, ibaian gora eginez, Jaitzubia ibaiko azken gabarrera heldu arte. Berreskuratutako Gabarraren aurkezpen ofiziala hilaren 17an egingo dute. Maddi Aginagalderen eskutik izango da, 11:30ean, Itsas Etxearen kanpokaldean.
Itsas Herria egitasmoak nagusiki itsas ondarean fokua jartzen badu ere, -ondarearekin eta iraganarekin lotura duten elementu nagusiak mahaigaineratuz- , herri kohesioa eta nortasuna indartzeko saiaketa bat ere badela gaineratu du Alonsok: “Hondarribiak hamarkadetan zehar bilakaera bat izan du, onerako eta kalterako. Gure kezkak ere baditugu. Esaterako, eboluzio horren ondorioz gure nortasunean galera bat gertatu dela ikusi dugu. Ikuspegi folkloriko batetik begiratuta ez, baizik eta herriko zenbait jarduera ekonomikori begira”.
Hitzaldiak, dokumentalak, aurkezpenak, parrillada… denetik antolatu dute herritarrak itsas ondarean murgiltzeko. Egitarau osoa behean aurki daiteke.
Itsasoratu
Ondare topaketak herritarren sustraiei eragiten dien bitartean, Itsasoratu egitasmoak itsasoarekin lotura zuzena duten egungo aktibitate ekonomikoetan jartzen du fokua. “Orain artean aktibitate horiek turismoarekin lotzen ziren. Eta badu zentzua, noski, baina gure asmoa hondarribiarren artean ezagutzera ematea zen” azaldu du Estitxu Urtizbereak.
Aurten ere hari horri tiraka arituko dira bertako enpresak. Herritarrei eskaintzen dituzten aktibitate eta ikastaroak ezagutarazi eta aurreiritziak puskatzeko gogotsu agertu dira. “Izan ere, zenbait jarduera oso elitista direnaren sentsazioa izan dezakete herritarrek, baina hori ez da horrela. Oso herrikoiak izan daitezke” esan du Urtizbereak.
Iaz bi egitasmoak asteburu ezberdinetan egin bazituzten ere, aurten asteburu berean elkartzeko hautua egin dute, itsas energia aprobetxatzeko. Hori dela eta, hilaren 18an ezarriko dute aisi nautikoko enpresen azoka. Kirol Kaian egin beharrean, gainera, San Pedro kalean izango da hitzordua.
Guztira 11 postu ezarriko dituzte: Central Surf, Estatxa, Hondarribiko Bela eskola, Ipar Adbenture, Kayak Basque Country, JC Poseidon, Navegavela, Ocean Tours Hondarribia, PescaHondarribia.com, Surf Tecnica eskola, eta Water Joy Hondarribia. Hortaz gain, errealitate birtualeko stand bat, zuzeneko musika eta haurrentzako tailerrak eskainiko dituzte ere. Goizez zein arratsaldez: 11:30etik 15:00ak arte eta 17:00etatik 19:00ak arte.
Hondarribiko Udalaren eta Bidasoa Biziriken arteko elkarlanaren emaitza da Itsasoratu, baina aurten Mater Museo Ekoaktiboak ere parte hartuko du egitasmoan. “Dibulgazio lana egingo dute, beti ere ikuspegi ekologikotik eta itsasoaren zaintzatik. Azken finean sektore honek etorkizuna izan dezan, ezinbestekoa da guztion artean itsasoa zaintzea” esanez amaitu du zinegotziak.
Hondarribia Itsas Herria
Maiatzak 15
19:00etan: Sunita Camblog kantaria eta Itsasoiko dokumentalaren proiekzioa. Itsas Etxean.
20:00etan: Emakumeak arrantzan. Itsas Ondarearen ezkutuko errealitatea hitzaldia, Eider Arruti antropologoaren eskutik. Itsas Etxean.
Maiatzak 16
19:00etan: Islandia 1615. euskal arrantzaleen patua hitzaldia, Xabier Irujo historialariaren eskutik. Itsas Etxean.
20:00etan: Inaxio Igosen Hondarribiko barkuak lanaren aurkezpena. Itsas Etxean.
20:30ean: Beti mesias. Egun bat itsasoan, 1985 dokumentalaren proiekzioa. Itsas Etxean.
Maiatzak 17
10:00etatik 13:00etara: Itsas modelismo erakustaldia. Bizkaiko Modelismo elkartearen eskutik. Zumardiko Beltxargen parkean.
11:30ean: Berreskuratutako gabarraren aurkezpena, Maddi Aginagalderen eskutik. Itsas Etxearen kanpokaldean.
12:30ean: Ronkeoaren erakustaldia, hegamotza mozketa. Madalen plazan.
13:30etik aurrera: Parrillada, antxoa eta hegamotza. Madalen plazan.
17:00etan: Izugarria erraldoien konpartsa. Zezen plazatik Kai Zaharrera.
17:30ean: Zingaren eta batelen erakustaldia (parte hartzeko aukera izango da). Kai Zaharrean.
18:00etan Burrunba elektrotxaranga. Kalean zehar.
22:00etan: Foisis taldearen kontzertua. Sare konpontzaileen plazan.