Charlie Meredith garaile Bidasoako Itzuliako lehen etapan
Arratsaldeko 15:45ean irten da lehen txirrindularia. Azkarrena izan da Meredith, 8 minutu eta 20 segundo behar izan ditu Guadalupetik Jaizkibelgo begiratokira heltzeko.

Arratsaldeko 15:45ean hasi da 2025eko Bidasoako Itzuliaren 51. edizioa. Maila altua duten 18 taldek parte hartuko dute hiru eguneko lehia honetan. Guztira 125 txirrindulari arituko dira lanean bidasoako errepideetan zehar.
Gaurkoa ez ohiko etapa izan da. Izan ere, lehen aldia da Bidasoako Itzulia erlojupeko batekin abiatzen dena. Ibilbide laburra baina gogorra burutu behar izan dute txirrindulariek. Guadalupeko kantina zaharretik abiatu eta Jaizkibelgo begiratokian amaitu dute lana, 4 kilometroko ibilbidea 219metroko desnibel positiboarekin. Gainera, Guadalupen haizerik ez bazegoen ere, goruntz joan ahala haizearen eragina gero eta handiagoa izan da.
Grupo Eulen-Nuuk taldeko Charlie Meredith suertatu da garaile. 8 minutu eta 20 segundo behar izan ditu helmugara heltzeko, 28,80 kilometro orduko abiaduran. Hortaz, behin behineko lider kokatu da Meredith. Bigarren Unai Ramos (Fini) sailkatu da, irabazleak baino 10 segundo gehiago behar izan ditu. Hirugarren Luis Albertu Lajarin (Fini), 14 segundora.
Bidasoarrei dagokienez 105. geratu da Mikel Bermejo irundarra. 107. Mikel Irigoien beratarra, eta 124. Ivan Gomez Hendaian bizi den irundarra.
Bihar eta etziko hitzorduak
Hiru etapetara jokatuko da aurtengo Bidasoako Itzulia. Gaurkoa Hondarribian lehiatu da. Biharkoa Iruritan hasi eta Beran bukatuko da (140, km), eta azken etapa Hendaian hasi eta Irunen amaituko da (102,5 km).
Émaitzak hemen.



























































