Ijitofobia hedabideetan, urteetako jazarpena
Maria Garcia Mayo kazetari, ikerlari eta ijitoak 'Ijitofobia eta hedabideak' landu ditu bere gradu bukaerako lanean. Auzia Irungo Emakumeen Etxera eraman du Kera elkartearen eta Antxeta irratiaren gonbidapenari esker.

Hedabideak eta ijitofobia gaiei heltzeko helburuz, Antxeta irratiak eta Kera elkarteak Maria Garcia Mayo kazetari eta ikertzaile madrildar eta ijitoa gonbidatu zuten pasa den astelehenean Emakumeen Etxera. Garciak Ijitofobia eta hedabideak gaiak aztertu zituen 2021ean bere gradu bukaerako lanean, eta auzia gizarteratzeko saioa da eskaini zuena.
Ijitofobiaren jatorria
Lehenik eta behin, ijito herriaren iritsieraren historiaren zatitxo bat gogoratu zuen Garciak. Aurten 600 urte bete dira ijitoak Iberiar penintsulara iritsi zirela, baina data hau ere zalantzan jarri zuen Garciak “badaudelako 600 urte baino zaharragoak diren idatziak guri buruz hitz egiten dutenak”. Indiatik irten ziren urteak erlijio aldetik korapilotsuak ziren, eta auzi horien guztien aurrean ijito herriaren “erresilientzia” nabarmendu zuen kazetariak. “Ausartuko naiz esatera munduko etnia erresilienteena dela gurea”, baieztatu zuen.
Garai hartan Iberiar penintsulan sartzeko baimena behar zen, eta arrazoi erlijiosoengatik soilik ematen zuen baimena Espainiako erregeak. Ijito kolektibo handi batek Donejakue bidea egitera zihoala adierazi zuen, eta penintsularen iparraldetik sartu ziren. “Batzuek aipatzen dute erregearen festa baten gonbidapenari esker iritsi ginela, betidanik izan baikara musikariak eta juglareak”. Ordutik aurrera, penintsula osoan finkatu zen ijito herria.
Sarraski askori aurre egin dion herria dela gogorarazi zuen kazetariak, lehena Espainiako Errege Katolikoek agindutakoa. Ijitoak “integrazio absolutura” derrigortu zituzten, baina Garciak deitoratu zuen ez zaiola integrazio hitza erabiltzea gustatzen: “Egungo testuinguruan ez dut hitz hori erabiltzen, baina garai hartan bai. Herri ijitoko kideak ‘espainiar hiritar duinak’ izatea nahi zuten, eta gure hizkuntza, gure arropak eta gure ohiturak kendu zizkiguten”, oroitarazi zuen.
Ijitoen pentsamoldea askatasunarekin “oso lotuta” egon dela uste du Garciak “eta zerbait ongi ez dagoela uste izan badugu, ez diogu horri segitu”, aldarrikatu du. Ijitofobia garai honetan sortu zela azaldu zuen asteartean kazetariak. “Ijito izateagatik espetxeratzen gintuzten; esklabo gisa erabiltzen gintuzten”, deitoratu zuen.
Hedabideak eta ijitoak
XX. mendean hedabideen lana hainbat kanaletatik zabaltzen hasi zen: telebista, irratia, paperekoa… 1980eko hamarkadan lehen aldiz emititu zen telebistan “ijitoen kontrako ekitaldirik handiena eta distopikoena”. Manifestazio jendetsu bat egin zen Madrilen, eta bertan, irakasleak eta ikasleak bildu ziren eskatzeko ez zituztela ijitoak nahi eskoletan. “Ijitofobia hedabideetan idatzizko hedabideetatik dator, baina telebista sortu zenean guztiz aske mintzatzen zen ijitofobiaz”, definitu zuen Garciak. “Inoiz ez da egon arazorik publikoki ijitofoboa izateko”, deitoratu du.
1960ko hamarkadatik eta 1990eko hamarkaden inguruan jaiotako asko ez daudela alfabetizatuta salatu du kazetariak. Egoera horrek ijitoak zapaltzen dabilen boterearen kontrako jarrera hauspotu zuela uste du. Gaur egun, jarrera horrek irauten badu, gizarte globalizatuan eta bat-batekotasunarenean hazteagatik da, estimuluak denbora guztian jasotzen duen gizartea da egungoa, eta gaur egun sare sozialetan arrazista izan zaitezkeela esan zuen.
Jarrera arrazista horiek ez dutela inolako ondoriorik ohartarazi zuen Garciak, “eta oroitu behar dugu iaz onartu zela ijitofobiaren kontrako legea”. Egun, sare sozialetan ijitoen aurkako mezuak idatzita ere, legeak ez duela ezertan eraginik salatu zuen. “Egunero irakurtzen ditugu ijitoen kontrako iruzkinak, eta horiek salatzean, zerbitzariak erantzuten dizu ez dagoela inolako gorroto deliturik horren atzean”.
‘Reality’-etan ijitoak
Egun hedabideek sare sozialek baino eragin txikiagoa dutela iritzi du kazetariak. “Gutxienez, hedabideek filtro profesional bat daukate nahiz eta askotan arrazistak diren lau haizetara; aldiz, sare sozialetan edonork idatz dezake edozein gauza, inolako albo-ondoriorik gabe”. Telebistan zentratuta, gizatasuna kentzen duten eta ijitoak protagonista diren reality-ak jarri ditu eredu.
Espainiako telebistako reality-etan zirkuetako panpina gisa erabiltzen dituztela ijitoak gogor salatu zuen Garciak, eta eredutzat jarri zituen Gypsy kings eta Palabra de Gitano saioak. Dena den, argi esperantza bat topatu du kazetariak, eta podcast batean arestian aipatutako bi reality horietako kideak elkarrizketatzen dituzte, publiko egiteko gidoipean agertzen direla kameren aurrean.
Reality -a ez dela benetako pertsonaiek interpretatutakoa dela ulertzen bada, “graziosoa” izan daitekeela aitortu du kazetariak. Baina, arazotzat jo du gidoi bat atzean ez dagoela uste eta erreferentetzat hartzen dituzten ijito gazteen kasuak. “2013an sortu zen lehen realilty-a eta duela gutxi aitortu zen gidoia dutela. Ergel gisa agertzen dira ijitoak eta orain arte horrelakoak garela benetan sinistu duenik bada. Kasu batzuetan grabaketak gelditu izan dituzte, eta produktoreek eskatu diete protagonistei esaldi bat nahita gaizki esatea”. Reality-ak telesailekin alderatzea garrantzitsua dela uste du, errealitatean oinarritutako pertsonaiak ez direla uler dezaten gazteenek.
Idatzitako hedabideetan jarri zuen arreta jarraian, eta ijitoei lotutako hainbat kontzeptu deitoratu zituen, hala nola, ahakarra edo klanak. Ijitoei lotutako albiste gehienetan aipatzen da terminologia hori, eta ijitoen arazotzat jotzen direla salatu zuen. Pandemia garaian, koronabirusaren hainbat agerraldi “ijito auzoetan” izan zirela idatzi izan zela salatu zuen astearteko solasaldian, auzoaren izenera mugatu beharrean. Fokua ijitoetan jarri nahia eta ijitoak estigmatizatu nahia dagoela atzean uste du kazetariak.
Kazetari ijitoak
Hedabideetan ijito kazetari falta handia dagoela mahai gainean jarri zuen Garciak. “Kazetaritza ikasi duten ijito asko ezagutzen ditut, baina ez dut bat bera ere ezagutzen erredakzio batean lan egiten duena, eta botere karguren bat duena. Botereaz hitz egitean, erredakzioan ijitofobiaren filtroa pasa dezakeen figuraz ari naiz”. Ijitoak ez baldin badaude hedabideetan, ez direla inoiz ordezkatuta egongo argi du.