Hondarribiko Trialoiaren XIV.edizioa, larunbatean
Proba segurua izan dadin Hondarribiko Udaltzaingoak errepide mozketak egingo ditu. Herri proba 15:00etan hasiko da, Sprint proba 17:00etan.

Larunbat honetan izango da Biosnar Triatloi klubak antolatu duen Hondarribiko Trialoiaren XIV.edizioa. Iaz bezala, aurten ere bi modalitate antolatu dituzte: 15:00etan herri proba edo popularra deiturikoari emango diote hasiera. Distantzia laburra izango du honek. Guztira 350 metro igerian, 10km bizikletan eta 2,5 kilometro korrika egin beharko dituzte parte hartzaileek.
Ondoren, 17:00etatik aurrera Sprint proba abiatuko da, distantzia bikoitza izango duena: 750metro igerian, 20km bizikletan eta 5km korrika. Biak ala biak Hondartzatik abiatuko dira.
Hondarribiko proba berezia dela aitortu zuen iaz Beñat Bengoetxea antolatzaileak: “Xarma berezia du Jaizkibel igotzen delako. Normalean zirkuituak laburragoak izaten dira, bi buelta egin edo gora-behera gora-behera aritzekoak. Baina ibilbide honen berezitasuna da hamar kilometro gorantz egin behar direla eta gero beste hamar beherantz”. Igoera eta jaitsiera luze horrengatik da ezaguna zirkuitua: “Gogorra, baina aldi berean oso polita da”. Gainera, triatloi bakarrenetakoa da itsasoan igeri egin eta gero mendira igotzen dena. Bestalde, korrikako zatiak ere badu bere berezitasuna. Hala azaldu duen iaz Bengoetxeak: “Oso laua da, eta probako azken zatia izanik asko eskertzen da”.
Trafiko aldaketak
Proba segurua izan dadin Hondarribiko Udaltzaingoak errepide mozketak egingo ditu. Lehen probarako Hondartzatik Higer Itsasargiraino doan errepidea itxiko dute, 15:10etik 16:00ak arte. Bigarren probarako, Hondartza biribilgunetik Labrederreko biribilguneraino doan errepidea moztuko dute, 17:15etik 18:30ak arte. Aldi berean, Jaizkibelera doan errepidea ere itxita mantenduko da 17:15etik 18:30ak arte.