Hondarribian euskarak duen egoeraz hausnartuko dute ostegunean
'Euskararen egoera Hondarribian: argiak eta itzalak' deituriko mahai ingurua egingo dute hilaren 8an. Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak, Saioa Zabala antropologoak eta Mikeldi Zeberio soziologoak parte hartuko dute.

Blagan euskara elkarteak mahai inguru bat antolatu du ostegun honetarako: Euskararen egoera Hondarribian: argiak eta itzalak. Hondarribian euskarak duen egoera izango dute hizpide Olatz Altuna Soziolinguistika Klusterreko ikerlariak, Saioa Zabala antropologoak eta Mikeldi Zeberio soziologoak, Jaime Altunaren gidaritzapean.
Olatz Altunak Hondarribiko datu soziolinguistikoen azterketa egingo du eta Saioa Zabala eta Mikeldi Zeberiok herriko hizkuntza-praktiken inguruan hausnartuko dute.
“Mahai inguru honetan, lehenengo aldiz, euskarak Hondarribian duen erabileraren inguruko adituen hausnarketa ezberdinak entzuteko aukera izango dugu, eta oso garrantzitsua iruditzen zait maila honetako informazioa herritar ororen eta udalaren esku ere jartzea, norberak eta herri bezala ere, euskararen erabileran eman ditzakegun pausuak edota gakoak zeintzuk diren esango dizkigutelako” adierazi du Garoa Lekuona Euskara zinegotziak.
19:00etan izango da mahai ingurua, Kultur Etxean.