Hiri barneko lehen autobus linea izateko bidean
Apirileko osoko bilkuran hiri barneko autobus zerbitzuaren kontratazio espedientearen proposamena onartu, eta aurki, esleipen prozesua zabalduko dute.

Hilaren 24an, osteguna, urteko laugarren osoko bilkura egin zuten Hondarribiko udaletxeko areto nagusian. Bertan, aho batez onartu zuten, besteak beste, hiri garraio publiko erregularraren zerbitzuaren kontratazio espedientearen proposamena. Horrek esan nahi du Hondarribiak aurki hiri barneko autobus linea bat izango duela.
Urteak dira herritarrek eta zenbait alderdi politikok hiri barnean garraio publikoa sustatzeko aldarrikapena egiten dihardutela, baina iazko maiatza-ekainera arte [orduan sortu zen autobusaren zerbitzua izapidetzeko batzordea] asmoari ez zitzaiola «benetako bultzadarik» eman adierazi du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. «Egia da aurreko udal gobernuak lehenengo pausotxoa eman zuela, memoria ekonomiko bat eskatu zuelako, baina ez zaio benetako bultzadarik eman duela urteberera arte».
Udalak haren egunerokotasunean kontratazio asko egiten ditu, baina normalean horiek ez dute udalbatzatik pasa behar izaten alderdi politikoen onespena jasotzeko, baina hiri autobusaren kontratazio espedientea «berezia» izan dela nabarmendu du Urtizbereak, edukiko duen iraupenagatik eta kostuagatik: «Gehienez bost urteko iraupena izango du, eta urteko bi milioi euroko kostua duen zerbitzua izango denez, udalbatzatik pasatu behar izan zuen kontratazioaren prozeduraren hasiera emate honek». Bertan plegu teknikoak, plegu administratiboak eta zerbitzuaren nondik norakoak xehatu dituzte.
Horretarako Endara enpresarekin elkarlanean aritu da udala. Aurretiazko ikerketa egin eta memoria ekonomikoa, ibilbidearen iraupena eta ezaugarri horiek guztiak lurreratzen lagundu diete.
Arrokatik Txiplaura
Zazpi kilometro eta 18 geldialdi izango ditu Hondarribiko autobusak. Arrokan hasi eta Txiplaun bukatuko du bidea. Zinegotziak aurreratu duenez, Portua auzotik eta Alde Zaharretik igarotzeaz gain, bereziki Akartegi auzoari zerbitzua emango dion linea izango da. «Akartegi oso dentsitate txikiko auzoa da, eta herritarrak oso barreiatuta bizi dira. Horregatik ditu ibilbideak geldialdi horiek guztiak».
Geralekuak mugikortasun mahaian definitu zirela nabarmendu du Urtizbereak, baina ibilbideak bezala, aldaketak jasan ditzake: «Behin martxan jartzean ikusiko dugu agian zenbait geltokik ez dutela funtzionatzen, edo beste zenbait agertuko zaizkigula». Ibilbideari dagokionez, proposamena definituta dutela onartu duen arren, oraindik ez dela behin betikoa adierazi du, aurki zabalduko duten esleipen prozesuan enpresek hobekuntzaren bat egiteko aukera izango dutelako. Zerbitzua martxan izango da 07:00etatik 21:00ak arte.
Aldi berean, hiri barneko lehenengo linea horren helburua herriko zenbait ekipamendu lotzea izango da. Osasun zentrora eta bestelako zerbitzuetara iristeko aukera emango du, baita eskoletara heltzeko ere. Hirigintza zinegotziaren ustez, zerbitzu horrek herriko puntu garrantzitsuetara autorik gabe iristeko aukera emango du. «Ea lortzen dugun Hondarribiko mugikortasuna pixka bat jasangarriago egitea».
Kontratazioa konplexua
Kontratazio prozesuak gutxienez hiru hilabete iraungo dituela aurreikusi dute, eta gainera, udalbatzatik igaro beharko du gutxienez beste bi alditan. Hori dela-eta udan oraindik ez dela martxan izango adierazi du Urtizbereak. «Halako lizitazioak gatazkatsuak izaten dira. Aurkezten diren enpresen artean ere liskarrak izan daitezke, eta gerta daiteke prozesuan zehar helegiteak agertzea. Kasurik onenean hiru edo lau hilabete beharko ditugu. Espero dugu uda eta gero martxan egotea».
Zerbitzua emango duen enpresak bi autobus izan beharko ditu. Haietako batek matxurarik edo beste edozein arazo badu, bigarrenarekin ordezkatu eta zerbitzua ematen jarraitu ahal izateko. Haietako batek gutxienez jasangarritasun irizpideak bete behar ditu.
Bidaien prezioa oraindik zehazteke duten arren, Mugi txartela erabili ahal izango dela jakinarazi dute.