Alde Zaharreko auzo elkartearen proposamena berrikustea eskatu du Elkarrekin Irunek
Proposamena "koherentea" dela adierazi du Elkarrekin Irunek, eta udalak orain artean aurkeztutako ereduak ez dutela "konbentzitzen" deitoratu dute.

Isuri Gutxiko Eremua ezartzeko planaren bueltan, Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak proposamen propioa egin dio Irungo Udalari, herritarrei “ahalik eta kalte txikiena” eragiteko helburuarekin. Elkarrekin Irun koalizioak eskatu dio udal gobernuari kontutan har dezala proposamen hau.
IGE ezartzeko hiru etapako proposamena da auzo elkarteak egindakoa eta David Nuño bozeramailearen arabera, “proposamen koherentea” da, eta gehiengoari kalteak gutxitzea helburu duela berretsi du Nuñok. “Auzoari ere mesede egingo lioke, baita ere IGE-ren aplikazioari”.
IGE birpentsatu egin behar dela adierazi du Elkarrekin Irunek, udalak bi proposamen aurkeztu baititu eta horietako bat berak ere ez ez “konbentzitu”. “Gainera, bi ereduak Donostiako eta Bilboko eredu berdinak dira, baita Iruñeko eta Gasteizkoak ere”. Iruñeko eta Gasteizko kasuei buruz Nuñok esan du “tranpa egitea” dela baina auzo elkarteak egindakoa “ezberdina dela”.
Auzotarren lana goraipatu du Nuñok, kontutan hartuta IGE gai konplikatua dela. Beraien lana herritarren ikuspuntutik idatzi dela uste du koalizio moreko bozeramaileak, hain zuzen, egunerokoan Irungo errealitatea sufritzen dutenek idatzi dutela. “Mugikortasuna jasangarria izan dadin egoki enfokatu dute proposamena eta helburua jendeari gehiegi kalte ez egitea izan da”.
Auzo elkarteak jaso duen bigarren etapan gelditu da ondoren Nuño. Fase honetan bide azpiegituren beharra aipatu du auzo elkarteak eta Nuñok gogoratu du urteak daramatela zentzu horretan aurrerapausoak egiteko eskatuz. “Herritarrek hiriaren erdigunean autoa ez erabiltzea nahi badugu, alternatibak egon behar dira, eta tristeki, alternatiba horiek bukatu gabe daude edo ez daude prest erabiltzaile asko jasotzeko”.
Bestalde, IGEn ezarritako helburuak ez betetzeko “arriskua” dagoela ohartarazi du Elkarrekin Irunek. “Egun, autobus publikoaren flota aldatzeko balio dute soilik ezarritako helburuek, mugikortasun ohiturak aldatzeko balio beharko zuenean”, zehaztu du.
Beste bi faseak ere garrantzitsuak direla nabarmendu du Nuñok. Izan ere, IGE eremu txiki batean ezartzeak, etorkizunean erabaki handiak hartzeko balioko duela iritzi du. Udaletxeak etxea teilatutik hasi nahi izan duenaren asmoa agerian utzi duela proposamenak deitoratu du bozeramaileak. “Dirudienez gauza handiak ditugu soilik egiteko eta herritarrak galtzen ateratzen dira beti, eta oraingoa gelditu, errepasatu eta proposamena moldatzeko garaia da. Demokraziarentzat ez da ohitura osasuntsua lehenbizi erabakitzea eta ondoren entzutea”, gaineratu du.