Maiatzaren 22an izango da XXXI. Enpleguaren Astea
380 enplegu postu baino gehiago eskainiko dituzte bertaratuko diren 35 enpresek. Gehienek logistika eta garraioaren sektorearekin dute zerikusia.

Bidasoko enpleguaren astea urteroko hitzordua bihurtu da lan bila dabiltzan eskualdeko bizilagunentzat. Aurten maiatzaren 22an izango da XXXI. edizioa. 380 enplegu aukeratik gora izango dela ziurtatu dute Bidasoa Bizirikeko Nuria Alzaga lehendakari eta Estitxu Urtizberea lehendakari ordeek.
Guztira 37 enpresek izango dute ordezkaritza Ficoban egingo den azokan. Gehienek logistika eta garraioaren sektorearekin dute zerikusia (%16ak), eta ondoren handizkako azaleretan (15,5ak). Horiez gain, ostalaritzan, gizarte osasun arloan eta beste zenbait zerbitzu eskaintzen dituzten enpresak ere izango dira bertan.
Gainera, enpresez gain, bost erakunde garrantzitsu bertaratuko dira ere: Lanbide-Eures, France Travail, Nafarroako Enplegu Zerbitzua, Adiskidetuak Elkartea eta Bidez Bide.
Alzagak ziurtatu duenez enpleguaren asteak eskualdeko enpresa sarea “sendotzeko” balio du eta enpresei talentua aurkitzea ahalbidetzen die. Enpleguaren astea eraginkorra dela ziurtatu dute biek ala biek, eta 2024ko datuei erreparatu diete. Iazko edizioan 250 lanpostu baino gehiago kudeatu ziren, eta pertsona askok lehen elkarrizketa izan zuten bertan, kontratu egonkor bat lortuz.
Azaldu dutenez, egun Irungo eta Hondarribiko lan merkatuak “susperraldi progresiboan” daude, eta nahiz eta egiturazko erronkak izan badituen, “hala nola, gazteen langabezia tasa altua eta egoera ahulean dauden kolektiboen laneratze zailtasunak”, azoka honek poblazio osoarengana iristeko “palanka” izan dadin lanean ari dira.
Curriculumak
Lan bila dabilen ororentzat erreminta garrantzitsua da curriculuma. Horregatik, iaz bezala, aurten ere argazki profesionalak egiteko doako zerbitzua ezarriko dute, baita curriculumak inprimatzeko espazio bat ere. Aldi berean, curriculumak sortzeko edo hobetzeko aholkularitza jasotzeko aukera izango da. Hitzordua zehazteko 943 50 96 00 telefonora deitu beharko da.