Larrialdi egoeretan jarduteko protokoloa eskatu du Elkarrekin Irunek
Asteleheneko itzalaldiaren gisako egoeren aurrean jarduteko protokolorik baden galdetu diote udalari. Elkarrekin Irunek hura idazteko laguntza eskaini du, behar izatekotan.
Hilaren 28ko itzalaldiaren harira, ea udalak espero gabeko larrialdi egoeratan jarduteko protokolorik baduen galdetu dio Elkarrekin Irunek udalari. Izan ere, asteleheneko gertakariak Irungo gizartea “zein zaurgarria” den erakutsi duela uste du koalizio moreak, “argindarrarekiko gure dependentzia absolutua” delako.
Protokoloaren galderarekin ez dute inor seinalatu nahi, baina protokolorik ez egotekotan, hura idazteko aukera pentsatzea eskatu diote Irungo Udalari. Elkarrekin Irun protokolo hori idazteko beharra izatekotan, laguntzeko prest agertu da.
David Nuño bozeramaileak azaldu du haientzat “ezinbestekoa” dela udalak, udalbatzak eta udaleko kideak “eredu” izatea eta segurtasuna eskaini behar dutela uste dute, “nahiz eta ez jakin zein den arazoaren iturria”.
Protokoloan giza baliabideak eta materialak nola antolatu jaso beharko ziren, inpaktua ahalik eta gehien gutxitzeko. Halaber, ondorioak gutxitzeko bide orria behar duela izan protokoloak uste dute eta beharrezkoa izango zitekeen errekurtso materialak zeintzuk diren jaso beharko zen protokoloan.
Azkenik, Nuñok nabarmendu du asteleheneko itzalaldia “anekdota” bezala oroituko baden ere, garai hauetan “erronka ezezagunak” agertzen dira denbora epe laburrean.