Isuri Gutxiko Eremuari ekarpena egin dio Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak
Eremu hau hiru fasetan ezartzea nahi dute, auzo elkarteak egindako "proposamen koherentean" jaso dutenez. Bidashop, Mugan, AUIF eta Denok Bat ostalarien elkarteekin adostu dute.

Alde Zaharra-San Juan auzo elkarteak Isuri Gutxiko Eremua (IGE) ezartzeko fasekako plan bat proposatu dio udalari. Proposamen hau Irungo errealitate sozial, ekonomiko eta urbanoaren irakurketatik sortu dutela azaldu dute eta herritarrentzat onurarik handiena bilatzea izan dute helburu, baita herritarrei ahalik eta kalte txikiena eragitea. Ondu duten “proposamen koherenteak” hiru fase ditu, epe labur, ertain eta luzeak ezartzekoak.
Auzo elkarteak argi utzi nahi izan du ez daudela IGEren aurka, baina udal taldeei eskatu diete “pixka bat geldiaraztea”. “Oso erabaki garrantzitsua da eta jende askori eragingo dio. Gai honi buruz dakigun apurraren barruan, badirudi korrika hasi nahi dutela, lau oinetan ibili aurretik eta ez dirudi konturatzen direnik pertsona asko kaltetu ditzakeela”, deitoratu dute.
Proposamena egiteko Bidashop, Denok Bat, Mugan eta AUIF-eko langileekin aritu dira elkarlanean eta eskerrak eman dizkiete haiei guztiei. Azkenik, auzo elkartearekin batera elkarlanean aritu nahi duten udal taldeei harremanetan jartzeko eskatu diete eta “pozik” erantzungo dietela.
Faseak
Lehenengo fasean, IGE zona batean bakarrik ezartzea nahi du auzo elkarteak, proba pilotu gisa. Hasierako perimetro honekin legedia betetzea da xedea eta auzotarren eta tokiko merkataritzaren gaineko inpaktua gutxitzea. Fase honetan, TAO sistema egokitu beharko zela azaldu dute eta egoiliarrei lehentasuna eman. Auzo elkartearen arabera, IGE igarotze zona bilakatuko litzateke eta ibilbidearen bukaera izateari utziko lioke.
IGE ezartzeko, parte hartze eta informazio publikoko prozesu baten beharra mahai gaineratu dute eta denboran aurrera egin ahala jasotako informazioa baloratu behar dela uste dute. Era horretan, IGEren funtzionamendu hobea bilatu nahi du auzo elkarteak eta beharrezko doikuntzak egin.
Bigarren fasea, proba pilotuko eremua ezarri ondoren abiatuko litzateke, baita beharrezko ebaluazioak egin ondoren. Bigarren zati honetan bide-azpiegitura hobetzea proposatu dute eta “oso urrats garrantzitsua” dela adierazi dute. “Ez luke zentzurik izango IGE zabaltzen aurrera egitea, hiriaren erdigunera sartzeko murrizketei konponbiderik eskaini gabe”, zehaztu dute.
Hego ingurabidea bukatzen denean, GI-636 errepidea birmoldatu beharko dela uste dute, Irungo ingurabide hau osorik egon dadin eta auzoetara irits ahal dadin. Era berean, Kolon pasealekua hiriko arteria nagusia izateari uztea nahi dute eta garraio publikoaren aldeko apustu irmoa egitea eskatu dute, ibilgailu pribatuaren “benetako alternatiba” gisa.
Hirugarren fasea, bigarren fasea egikarituta eta fase hau baloratuta ahalko zen aktibatu, uste baitute IGE zabaltzen jarraitzea “kaltegarria” izan daitekeela kaltetuta egon daitezkeen herritarrei konponbiderik eskaini gabe.