Ia lau milioi euroko kreditu aldaketa proposatu du udal gobernuak
Iazko aurrekontuaren likidazioak 5,2 milioi euroko geldikina eman zuen eta hori baliatu dute aurrekontua handitzeko.

Udal aurrekontua handitzeko kreditu aldaketa aurkeztu du Irungo udal gobernuak eta 3.987.048 eurokoa da egindako proposamena. 2024ko aurrekontuaren likidazioak 5,2 milioi euroko geldikina eman zuen eta horri esker handituko dela 2025eko aurrekontua azaldu dute. Kreditu aldaketa honen proposamena maiatzeko osoko bilkuran bozkatuko dute.
Aurrekontu handitze honek hiri proiektua “sustatzen jarraitzeko” konpromisoari erantzuten diola azaldu du udal gobernuak, hala nola, segurtasuna eta mugikortasun jasangarria hobetzeko, kirola sustatzeko, auzoak eraldatzeko eta gizarte ongizatea handitzeko, herritarren egungo “behar errealei” erantzunda. Udalak berretsi nahi izan du herritarren eguneroko bizitza hobetzeko egindako “apustu irmoa” egina daukala.
Aurrekontu hau idazteko, herritarrak entzun dituztela adierazi du Cristina Laborda alkateak eta haien proposamenak jaso dituztela erantzun “arin eta eraginkorrak” emateko xedearekin. Erantzun hauek, arduraz jokatzen jarraitzen dutenaren adierazgarri garbia direla uste du alkateak. “Aurrekontuari gehitzen diogun euro bakoitzak egiazko behar bati erantzuten dio”, erantsi du Labordak.
Geldikina erabili ahal izatea, Irungo Udalaren osasun ekonomiko finantzario onaren erakusgarritzat jo du Nuria Alzaga alkateordeak eta Ogasun ordezkariak. Gaineratu du “arduratsuak” izan direla, geldikinaren zati bat gordetzeko erabakia hartu baitute, “egonkortasunari eusteko eta beharrezkoa bada azkar erantzun ahal izateko”. Alzagak gainerako udal taldeen ekarpenak entzuteko prestutasuna erakutsi du.
Sail berriak
Kreditu aldaketa honen zenbateko handiena Elizatxo hiribidea urbanizatzeko erabiliko dute (700.000 euro), eta obra horiekin jarraitzeko 1,7 milioi euro gorde dituzte. Lan horiek 2024ko martxoan hasi zituzten eta lehen fase honetan bidea birmoldatu dute eta oinezkoentzako eremu berrurbanizatu berri bat sortzen ari dira.
Larreaundi auzoko Berio kaleko proiektua eguneratzeko asmoa ere adierazi dute alkateak eta alkateordeak. Bestalde,, 250.000 euroko aurrekontuarekin Junkal kaleko etxeetako parkean esku hartuko dute.
Mugikortasun jasangarriaren sailera 650.000 euro bideratuko dituzte eta autobus elektriko berri bat erosteko baliatuko dute. Erosketa honekin Irunbuseko flota guztia elektrikoa izango da. Horrez gain, kontzientziazio kanpaina bat egingo dute autobusetan, garraio publikoan errespetua eta bizikidetza nagusitzea bultzatzeko.
Segurtasuna ere izan dute hizpide eta Udaltzaingoan laguntzaile berriak sartzeko aurrekontua prestatu dute. Horrela, agenteak libratu nahi dituzte eta eguneroko lanaren eraginkortasuna handitu. “Horri esker polizia gehiago izango dira kaleetan, herritarrei hiri seguruagoa eskaintzeko”, azaldu dute. Bestalde, bide publikoan dauden animaliak jasotzeko zerbitzu berri bat kontratatu asmo du udalak, haiei arreta emateko leku egoki bat sortzea barne.
Gizarte gaiei dagokienez, gizarte zerbitzuak sendotzen jarraitu nahi du. Bide horretan, hainbat proposamen egin dituzte: oroitzapen eta dolu perinatalerako gune bat martxan jartzeko azterketa bat egitea; ikastetxeetan adingabeen osasun mentala sustatzeko zerbitzua abian jartzea; aurrez aurreko gymchess tailerrak; Bizi Gogoz programa aurrera eramatea; eta adinekoentzako zerbitzuak hobetzea Iraso eta Luis Mariano zentroetan.
Kirol ekipamendu berriei erantzuteko bide orria eta lehentasunak zehazteko azterketa bat egiteko aurrekontu sail bat egin nahi dute aurrekontu aldaketarekin, “erabilgarri dagoen aurrekontua kontuan hartuta, betiere”. Larreaundiko San Jose Obreroko futbol zelai artifizialaren berrikuntza lanetara 350.000 euro bideratuko dituzte; Gal Stadiumeko zelaia berritzeko proiektua idazten hasiko dira; Plaiaundiko kirol pistak konponduko dituzte; Artaleku eta Azken portu kiroldegietan egokitzapen eta konponketa lanak egingo dituzte eta kirol material berria erostea proposatu dute.
Amaitzeko, eskubaloiko Espainiako Kopako azken fasea antolatu ahal izateko aurrekontu sail espezifiko bat jaso dute. Guztira zortzi taldek jokatuko dute Artalekun, ekainaren 6tik 8ra: “azken batean, goi mailako ekitaldi bat izango da, hiria nabarmen proiektatuko duena kirol arloan zein turismoaren eta ekonomiaren arloetan”.