Berritasunez beteta dator Hondarribia Peñiscola Nazioarteko XXIII. Gitarra Jaialdia
Maiatzaren 1etik 4ra bitarte goi mailako sei kontzertu eskainiko dituzte. Hiru instrumentu berri eta kontzertu bikoitz batez gozatzeko aukera izango da.

Hondarribia Peñiscola Nazioarteko Gitarra jaialdiaren 23. edizioa hasiko da bihar. Lau eguneko iraupena izango du eta Carles Pons antolatzaile eta zuzendari artistikoak azaldu duenez berritasunez beteta dator.
Azken 23 urteetan nazioarteko jaialdiak “nolabaiteko bilakaera” bat jasan duela azaldu du Ortzi Alonso Kultur zinegotziak. Baina behar berrietara egokitzen jakin izanagatik pozik agertu da gaur goizeko aurkezpenean.
Goi mailako musikariak dira urtero jaialdi honetan parte hartzen dutenak, “artista onak eta ospetsuak” hain zuzen. Baina alderdi profesionalaz gain, pertsona beraren izaera ere kontuan izaten du Ponsek gonbidapena luzatzerako orduan. Hala azaldu du aurkezpenean: “Bi baldintza betetzea ezinbestekoa da niretzat, artista onak izatea eta pertsona onak”.
Pons musikaria da ere, gitarrista zehazki, eta mundu osotik kontzertuak ematen ditu. Honakoa abantaila handia dela ziurtatu du Kultur Etxean, mundu mailako artistak ezagutzea eta haiekin laguntasuna sortzea ahalbidetzen baitio horrek. Jaialdian parte hartzera gonbidatzen dituen artista guztiak, beraz, zuzenean jotzen entzun dituenak izaten dira.
Berritasun ugari
Urtero kontzertu berritzaileak programatzen saiatzen dela azaldu du jaialdiaren zuzendari artistikoak. Honakoa ordea ez da lan erraza izaten, “ideiak bukatu egiten direlako”. Dena den, aurtengo ediziorako ere helburua betetzea lortu du: datozen egunetan hiru instrumentu berri eta kontzertu bikoitz bat entzun ahal izango dira.
Ostiraleko kontzertuan, adibidez, arpa izango da gitarraren doinuaren osagarria. “Oso bikote berritzailea da Eduardo Baranzano gitarristak eta Alicia Griffiths Turrillas arpajoleak osatzen dutena. Biak ala biak Donostiako Kontserbatorioko irakasle katedradunak dira eta zuhaitzen espirituari buruzko kontzertua eskainiko dute. Kami-en itzala izenburupean”. Kami-ak zuhaitzen jainkoak dira japoniako shinto erlijioan.
Haien aurretik Finn Svit musikari danesak emanaldia eskainiko du. Maiatzaren 2ko saioa beraz kontzertu bikoitz bat izango da. Honakoa ere berriasuna. “Aniztasun honekin jendeak gozatu egingo duela uste dut” esan du Ponsek.
Maiatzaren 4an ere instrumentu berri bat joko du Romolo Calandruccio italiarrak. XIX. mende hasierako musikan, eta bereziki gitarretan, aditua da eta garai hartako gitarra erromantiko original bat eta gitarra lira bat joko ditu. Azken hau, “lira itxura duen gitarra bat da, eta ezin da azaldu zer nolako instrumentua den, entzun egin behar da”.
Oiasso Museoan egingo den kontzertuan, azkenik, Dusul Duo portugesak gitarra klasikoa eta gitarra portugesa uztartuko dituzte. Azken honek laute itxura du, soka metalikoak ditu eta bi puekin jotzen da.
Ponsek udalari eskerrak emanez amaitu du interbentzioa, urte hauetan guztietan eman dioten babes eta maitasunagatik. Kontzertuetara bertaratzeko gonbidapenak eskuratu behar dira. Horiek Arma Plazan eta online kutxabank-en webgunean eskuratu daitezke. Programa osoa hemen.