Garai berri bati ekin dio Bidasoko Itzuliak
Hiru etapatik bi berritu egin dituzte, erlojupeko proba bat erantsiz eta ibilbideak moldatuz. Maiatzaren 8tik 10era egingo da eta Bidasoak hiru ordezkari izango ditu.

Bidasoa Itzulia aurkeztu zuten atzo Irungo Udalean. Eraberrituta dagoen txirrindularitza proba da, zuzendari berria duelako lasterketak– Jorge Garcia Gonzalez–, eta hiru etapetako bitan berrikuntzak egin dituztelako. Edizio hau maiatzaren 8tik 10era egingo da eta parte hartzaileak Txingudi badiatik Baztaneraino ibiliko dira.
Hemezortzi talde parte hartzaile izango ditu lehiak, eta horietatik Euskal Herriko taldeak 11 izango dira; atzerrikoak, berriz, zazpi. Bidasoko hiru txirrindularik hartuko dute partea: Mikel Irigoien Irazoki (Bera, 2001); Mikel Bermejo Eizagirre (Irun, 2003) eta Ivan Gomez Igantzi (Hendaia, 2006).
Etapak
Lehenbiziko etapa Guadalupe eta Jaizkibel artean lehiatuko da eta erlojupeko proba pasa beharko dute txirrindulariek. Kronometroak lehen diferentziak ezarriko ditu sailkapen nagusian, baina hurrengo etapako protagonistak zeharo ezberdinak izango dira.
Bigarren etapak Irurita (Baztan, Nafarroa) eta Bera (Bortziriak, Nafarroa) elkartuko ditu eta momentu erabakitzailea Berako sprinta izango da. Ibilbide honetan zehar, Amaiurreko zeharkaldia bi aldiz egingo dute eta mendiko sailkapenaren lehia estutzeko, Saldiaseko Mendatea igoko dute eta Malerrekako errepideak berriro zeharkatuko dituzte.
Maiatzaren 10eko azken etapa klasiko bat izango da, erabakigarria, eta Bidasoa Itzuliko sailkapen nagusia definitzeko gakoa izango da. Hendaia izango da irteera eta Irunera joango dira. Hiri gorria zeharkatuko dute eta bertatik Hondarribira joango dira. Herri berdetik hasita, hainbat mendate gainditu beharko dituzte: Guadalupe, Gurutze (3.maila); Aritxulegi (1.maila); Agiña (1.maila); Piedad (3.maila); San Martzial (2.maila); eta Erlaitz (1.maila).