Bidasoa ibaiaren ertzeko azken etxea eraitsi dute
Ingurua hiri bilbean integratzea izan da eraisketa honen helburua. Bidegorria Osinbiribileraino iristeko asmoa adierazi du udalak.

Bidasoa ibaiaren ertzean, Azken Portun dagoen azken etxea eraitsi du aste honetan Irungo Udalak. Asmoa, inguru hori hiri bilbean integratzea da, eta aldi berean, inguruaren “itxura hobetzea”. Horretarako, bidegorria Osinbiribileraino iritsiko dela aurreratu du udalak, txirrindularien eta oinezkoen gozamenerako.
Cristina Laborda alkateak eta Gorka Alvarez Obretako, Mantentze Lanetako eta Azpiegituretako ordezkariak ikusi zuten in situ Juan Thalamas Labandibar kaleko 55. zenbakiko eraikinaren eraistea. Alvarezen esanetan, eraisketa honi gehitu egin behar zaio Artiako erreka birnaturalizatzeko lanak eta Etorbidearen zubia Plaiaundi parke naturalarekin elkartzeko pasarelaren proiektua.
Azken urteetan zortzi milioi euroko inbertsioa egin dute Irungo Udalak eta Espainiako gobernuak inguru hori berroneratzeko. Ildo horretan, eraikina eraisteko lanen kostua 72.000 eurokoa izan da. Orain, eraikina zegoen lekutik bidegorria eraikiko dute, GI-636 errepidearen arteko maila aldea erregularizatuz. Azken Portu eta Behobia arteko ibilbidea bukatuko dute.