500 ikaslek Hirian Barrena Bizikletan programan parte hartuko dute
Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek hirian zirkulatzen ikasiko dute. Gurasoek ere parte har dezakete saio hauetan.

Bide Heziketaren programa bat da Hirian Barrena Bizikletan eta Irungo Lehen Hezkuntzako 6.mailako ikasleei begirakoa da, hirian txirrindolarekin ibiltzen ikasteko. Apirilean hasi dira programarekin Txingudi Ikastolako ikasleak eta guztira 500 ikasle pasako dira bertatik, ekainera bitarte.
Benetako trafikoan lehen aldiz gidatuko dute ibilgailu bat 11 eta 12 urte arteko haurrek eta barneratu egingo dute galtzadatik ibiltzean zirkulazio arauak eta seinaleak errespetatzearen garrantzia. Kaskoa derrigorrez erabili behar dutela ere ikasiko dute. Dena den, Bide Heziketak nabarmendu du erreiaren erdiko aldetik ibiltzen irakatsiko dietela, autobabeseko neurri gisa, hirian trafiko istripuak saihesteko.
Gurasoek ere parte har dezakete saio hauetan, hala nahi izatekotan. Izan ere, Irungo leku arriskutsuenak aztertzen dira saio hauetan, hau da, istripu gehien izaten diren lekuak: bidegorrietako pasabideak, lehentasuna duten bidegurutzeak eta lehentasunik gabekoak, biribilguneak. Aztertzeaz gain, gune horietan segurtasunez zirkulatzeko estrategiak planteatuko dituzte.