Pediatriako larrialdi zerbitzua ez ixtea eskatu du berriro Osasun Bidasoak
Maiatzaren 1ean itxiko du Osakidetzak pediatriako larrialdi zerbitzuak Bidasoa ospitalean. Gipuzkoako kasu bakarra izango da.

Maiatzaren 1ean itxiko dute Bidasoa ospitaleko pediatriaren larrialdi zerbitzuak eta Osasun Bidasoa plataformak berriro eskatu du zerbitzu hau berreskuratzea. Izan ere, orain martxan dagoen ordutegiarekin 24 orduz eskaintzen da larrialdi zerbitzua eta 365 egunez. “Gure eskualdeetan osasun arreta publikoa hobetzea defendatzen duen herri plataforma garen aldetik, iragarritako neurriekin ados ez gaudela adierazi nahi dugu”, azaldu dute.
Osakidetzak astean 99 orduz gutxitu nahi du zerbitzu hau. Plataformak esan du Gipuzkoako gainerako ospitaleetan pediatria zerbitzu bat dagoela eta bertan kontsultak eta larrialdiak artatzen direla. Osakidetzaren ereduak pediatriako larrialdiak desagertzea ekarriko duela salatu dute, 36 urtez “bikain” funtzionatu duenean.
Egoeraren larritasuna zabaltzeko, plataformak adierazi du Dunboako eta Erdiguneko anbulatorioetako pediatra gehienak bajan daudela eta larrialdiak soilik artatzen ari direla. “Murrizketa berri hori zerrenda gero eta handiago bati gehitu beharreko beste bat da, hala nola, berriki haur eta gazteen psikiatriako kontsulta itxi izana”, adierazi dute.
Aurrekariak
Plataformak atzera begirako errepaso bat egin du, egungo egoeraren aurrekariak gogoratzeko. 2012ra arte ospitalean pediatria zerbitzu bat zegoen eta 24 orduz eskaintzen zuen arreta urteko egun guztietan, baina urte bereko azaroan arreta eredu berri baten berri izan zuten osasungintzako langileek.
Eredu horren arabera, lehen mailako arreta 08:00etatik 15:00etara bitartekoa izango zen, astelehenetik ostiralera, eta larrialdiak, berriz, 15:00etatik 08:00etara, astelehenetik ostiralera ere. Aldiz, profesional berdinek 24 orduz egiten zuten lan asteburuan.
Mahai gainean jarritako eredu hau “gaitzetsi” egin zutela Osakidetzako pediatra gehienek oroitu du Osasun Bidasoak eta haien artean “ezinegona” handitu egin zela deitoratu dute. Ondorioak izan baitzituen erabaki horrek: pediatriako plazak betetzea zaildu zen eta plaza horiek denbora gutxian lekualdatu egiten ziren.
Horregatik, pediatrak txandakatuz ibili dira azken urteetan. Horrez gain, guardiak egiten zebilen langileak 10 urte zeramatzan jardun horretan baina kontratua ez zioten berritu eta pediatren lekualdaketek eta bajen ereduak “kolapsatu” egin zuen zerbitzua.
Plataformaren proposamena
Osasun Bidasoak egoera aztertu du eta kaltetutako herritarren ordezkariekin hitz egin du eta ospitaleko pediatriako larrialdiak ez ixtea proposatu du. Horretarako, 2012an itxi zen pediatria zerbitzua berreskuratzea eskatu dute, Gipuzkoa osoan dagoen ereduari jarraiki.
Proposamen honen helburua pediatriako larrialdiak ospitalean mantentzea litzateke, 24 orduz eta 365 egunez, azken 36 urteetan izan den bezala. Gainera, ospitaleko kanpo kontsultak berriro martxan jartzea eskatu dute ere eta horren ardura ospitaleko pediatrei esleitzea galdegin du plataformak.
Familiei larrialdiak ez ixteko mobilizatzeko dei egin die plataformak. “Gure eskualdeek ezin diote uko egin azken 36 urteetan funtzionatu duen zerbitzu publiko bati”, bukatu dute.