BatGirls eta BatBoys taldeek bigarren egin dute ligako lehen hitzorduan
Kluben arteko Espainiako ligako lehen jardunaldiaz gain, Euskadiko 10k txapelketa izan da asteburuan. Jose Gomez de Arriba hirugarren sailkatu da, eta Nerea Sarriegi laugarren.

Asteburu honetan kluben arteko Espainiako ligako lehen jardunaldiak jokatu dituzte Bidasoa Atletiko Taldeko gizonen eta emakumeen taldeek, eta bi taldeek bigarren postu “bikainak” eskuratu zituzten. Eskuratutako emaitzek klubeko atletek duten maila altua berresten dute, eta horri jarraipena emateko gogotsu daudela adierazi dute klubetik, “ilusioz betetako urtea” izaten ari den honetan.
Emakumeen taldea Sorian (Espainia) lehiatu zen. Playas de Castellón, Las Celtiberas de Soria eta Atletismo Alcorcón taldeak izan zituzten aurkari. Lehenak lortu zuen jardunaldiko garaipena 209 punturekin. BatGirlsek, berriz, 180 puntu eskuratu zituzten, lehiaketa “indartsu” hasiz hasieratik. 4 garaipen, 8 bigarren postu eta 6 hirugarren lortu zituzten.
Bigarren postu hura “oso garrantzitsua” dela gaineratu dute klubetik, emakumeen helburua goren mailan mantentzea baita eta aldi berean taldeari jarraitasuna eman eta bere horretan sendotzea. Aldi berean, helburu anbiziotsu bat dute ere, iaz lortu bezala, aurten ere ligako finalean lehiatzeko sailkapena lortzea.
Helburu horiek lortzeko klub filialen laguntza ezinbestekoa izan da. Proba bakoitzean ahalik eta puntu gehien eskuratzea da erronka eta horretarako Artunduaga, Ostadar eta Durango taldeetako atleten laguntza izan dute. BATek eskerrak eman nahi izan dizkie klub horiei.
Emaitzak
Emaitzei dagokienez Alazne Garridok, Douae Ouboukirek, Aslin Quialak eta Marte Mancebok beren probak irabazi zituzten. Garrido 400 metro hesien lehiatu zen (1:01,41 minutu), Ouboukir 3000 metro oztopoetan (10:20,75 minutu), Quiala pertika jauzian (3,76 metro) eta Mancebo xabalina jaurtiketan (40,33 metro).
Douae Ouboukirek, Alaine Agerraldek, Olaia Gisela Becerrilek, Blanca Garciak eta Carla Arwen Martinezek, berriz, bigarren postuak eskuratu zituzten. Ouboukirkek 3000 metroetanlortu zuen bigarren postua (9:53,75 minutu), Agerraldek 400 metroetan (54,99 segundurekin Euskadiko 20 urte azpiko eta klubeko errekorra egin zuen), Becerrilek luzera jauzian (6,05 metro), Garciak xabalina jaurtiketan (39,14 metro), eta Martinezek 100 metro hesietan (14,21 segundu). Aldi berean, 4×100 eta 4×400 metro erreleboetan ere bigarrenak izan ziren.
Hirugarren postuak berriz Zuriñe Celisek, Almudena Saboridok, Arielle Ngok eta Lissette Arreagak eskuratu zituzten. Celisek jauzi hirukoitzean (12,19 metro) eta luzera jauzian (5,94 metro) parte hartu zuen. Saboridok 1.500 metroko proban (4:45,28 minutu), Ngok disko jaurtiketan (43,33 metro) eta Arreagak mailu jaurtiketan (46,10 metro).
Gizonezkoak ere bigarren
BatBoysek Manresan (Katalunia) izan zuten ligako lehen jardunaldiko hitzordua. Lehiaketa gogorra izan zuten bertan, batez ere eguraldiaren ondorioz. Eurite bortitza eta haizete indartsuen kontra egin behar izan zuten denek. Gizonezkoen taldeak ere altu amesteko arrazoiak badituela ziurtatu du klubak, eta horren bila joango direla datozen hitzorduetan.
Manresan AA Catalunya, Avinent Manresa eta Atletismo Portugalete izan zituzten aurkari. Jardunaldiaren irabazlea AA Catalunya izan zen 230 punturekin. Bidasoarrek 166 puntu eskuratu zituzten, 2 garaipen, 7 bigarren postu eta bi hirugarren posturekin.
Klubak eskerrak eman nahi izan dizkie kasu honetan ere klubeko filialak diren Haurtzaro, Ostadar eta La Blanca taldeei. “Haien laguntzarik gabe ez genituzke emaitza horiek lortuko”, esan dute.
Emaitzak
Mikel Aramendik eta Iker Arotzenak garaipenak eskuratu zituzten. Aramendik 3000 metro oztopoetan parte ahrtu zuen (9:28,04 minutu) eta Arotzenak luzera jauzian (7,19 metro).
Bigarren postuak lortu zituztenak Iker Arotzena, Juan Errandonea, Ander Aramendi, Bruno Cagigos, Alejandro Esteban, Manuel Rodriguez eta Ander Garaiar izan ziren. Arotzenak 200 metroetan parte hartu zuen ere (21,90 segundu), Errandoneak jauzi hirukoitzan (14,11 metro), Aramendik 3000 metroetan (9:01,13 minutu), Cagigosek disko jaurtiketan (44,69 metro), Estebanek xabalina jaurtiketan (60,66 metro), Rodriguezek 110 metro hesietan (15,16 segundu) eta Garaiarrek 100 metroetan (10:98 segundu).
Azkenik, hirugarren postuak eskuratu zituzten Unax Erasok eta Juan Errandoneak. Erasok mailu jaurtiketan parte hartu zuen (50,73 metro) eta Errandoneak jauzi hirukoitzan (14,11 metro)
Euskadiko 10k txapelketa
Asteburu honetan Hondarribiko 10k lasterketa egin zen. Lasterketa Euskadiko Txapelketa izan zen ere eta BATeko Jose Gomez de Arribak zein Nerea Sarriegik, absolutu mailan, emaitza bikainak lortu zituzten.
Gomez de Arriba hirugarren sailkatu zen 32 mintutu eta 8 segundorekin. Aurtengo denboraldia “gozoa” izaten ari da irundarrarentzat, “azkarra eta oso kostantea”. Sarriegik, berriz, laugarren amaitu zuen lasterketa. Horretarako 39 minutu eta 32 segundu behar izan zituen. Azken urteetan atseden egin ondoren, Sarriegi atletismora itzuli da aurtengo denboraldian.