Josu Belea M.I. eta Saturninon semiak taldeek irabazi dute Ondare proba
Psilocybeko Elektrotxarangaren kalejira eta eta Ondare proba izan zuten Hondarribiko gazteek Pazko astean, euskararen sustapena eta aisia ardatz.

Pazko astean aisialdirako hitzordu andana izan dute Hondarribiko gazteek. Ostiral arratsaldean, San Marko egunean, Euskaraldirako motorrak berotzeko Psilocybeko Elektrotxarangaren kalejira egin zuten eta igandean (hilak 27) Hondarribiko Olinpiadetako zortzigarren proba izan zuten: Ondare proba.
Euskaraldiko batzordeko kideek positiboki baloratu dute ostiraleko kalejira: “Herriak ederki erantzun zuen eta kristoren giroa sortu zen. Euskaraldirako motorrak berotzeko perfektua izan zen, eta Gorka Sarriegiren parte hartzea luxua izan zen!”.
Ondare probari dagokionez, 10:00etan egin zuten hitzordua gazteek. Kapitainen bilera egin eta martxan jarri ziren taldeak. Lehenik opila baten bila joan behar izan zuten denek. Opila aurkitu eta antolatzaileen aurrean jan behar izan zuten. Guztia jandakoan txosten bana eman zieten. Bertan, galdera sorta bat eta Alde Zaharrean zehar egin beharreko proben instrukzioak jaso zituzten.
Proba horiek “errazak” izan zirela azaldu du Berberiñak taldeko Andoni Lekuonak. “Esate baterako, Gipuzkoa plazak zenbat kate dituen edota Alde Zahar guztian zenbat etxebizitza turistiko dauden zenbatu behar izan genuen”. Ondoren, antolatzaileen aurrean dantzan egin behar izan zuten talde guztiek, eta amaitzeko, Hondarribiko historiaren inguruko test bat erantzun behar izan zuten.
“Oso ondo pasa genuen. Dantzan adibidez izugarrizko barreak bota genituen. Olinpiaden inguran oso giro polita sortzen da herrian”.
Sailkapen orokorra
- Josu Belea M.I. eta Saturninon semiak: 30 puntu
- Gureak egin du: 28,75 puntu
- Hau komeriya, Hori itzasua eta Atletik klub txiplau: 27,5
- Faki ta faki: 26,75
- Nun duk pistatxito: 26,5
- Txirrisklasikoak, Eruak heldu ttuk eta Amonan Xalda Berua: 26,25
- Berberiñak eta Barriotxinokuak: 25
- Txikhotia eta Xerinkeneko erleak: 24,25
- Durum mixtua, Xiraldoka etxera eta Hau ginga: 23,75
- Arroja: 22,75
- Erdi fanak: 22,5
- Jubiletak: 21,75
- Taketeko eta Kai zaharrian kixkaliak: 21,35
- Tirojua eta Tximista: 0












