Euskaraldia, "olio eta zainketa" emateko Irungo euskararen erabilerari
Euskaraldiaren bueltako programazio aurkeztu dute gaur udalean eta herriko hamaika eragilerekin aritu da elkarlanean Euskara departamentua. Euskara zinegotziak aitortu du Irunen euskararen egoera ez dela ona eta politikariek badutela zer egin.

Euskaraldiaren bueltan antolatutako jardueren aurkezpena egin dute gaur Irungo Udalean eta bertan izan dira herriko hainbat eragile, Cristina Laborda alkatearekin eta Iosu Iguiñiz Euskara zinegotziarekin batera.
Euskaraldiaren leloari egin dio keinu Labordak, eta esan du euskaraz hitz egin, entzun eta bizitzeko bulkada behar duela izan Euskaraldia den ariketa kolektiboak. “Ez da ospatzea bakarrik, ekiteko dei bat ere bada, eta aukera bat, pertsona guztiek urrats bat egin dezaten euskara erabiltzeari eta ikasteari dagokionez”.
Iguiñizek oroitu du hilabeteak daramatela programazio hau ontzen eta maiatzaren 15etik 25era izango den Euskaraldiari, hasiera egunak berotzeko ekitaldiak gehitu behar zaizkiola azaldu du udal ordezkariak. Azken bilera bat egiteko asmoa ere aurreratu dute, balorazioa egite bidean.
Programazioa prestatzeko jarraipen batzordea eta talde motorra osatu ditu Euskara departamentuak. Batetik, herriko eragileak inplikatzearen beharra nabarmendu du ordezkariak, eta bestetik, auzoetatik prestatu behar zela ekimen hau uste du Iguiñizek. Eskerrak eman dizkie parte hartu duten eragileei “ezinbesteko bidelagunak” izan baitira. Euskara zerbitzuko lan taldeari ere esker mezuak eman dizkio.
Irekiera eta itxiera
Irekiera ekitaldia maiatzaren 15ean izango da Zabaltza plazan, 19:00etan. Itxiera, berriz, maiatzaren 25ean toki eta ordu berean. Egun horretarako programazio konkretu bat prestatu dute.
Erromeria bat joko dute Auntxa trikiti eskolakoek; Erdialdeko auzo elkartekoek mutxikoak dantzatuko dituzte haien lokalaren plazatxoan, eta ondoren, kalejiran joango dira Zabaltza plazara. Bertsolariak ere oholtza hartuko dute, eta dantzarako aukera ere egongo da Pauso-Krekin.
Itxiera ekitaldia maiatzaren 25ean izango da eta Jeiki Hadi taldeak mutxikoak dantzatzen jarriko ditu herritarrak. San Juan plazan izango da ekitaldi hau, 12:00etan. Arratsaldean, berriz, Zabaltza plazan izango da festa eta euskal berbena egingo da Skola Music-ekin Hitzordu hau 18:00etan finkatu dute.
Egitaraua osorik irakurtzeko, jo lotura honetara.
“Euskararen egoera ez da ona”
Euskararen erabileraren diagnosi txiki bat egin du Euskara ordezkariak. Irundar askok euskara ezagutzen du baina erabilera neurtu izan denean hiztunen kopurua “nabarmen jaitsi” dela deitoratu du Iguiñizek. “Batetik, gure hiriak Euskaraldiarekin bat egiteak zentzu handia du ezagutza hori mahai gaineratu eta praktikan jartzeko aukera dugulako. Bestetik, argi dagoelako Euskaraldia olio eta zainketa behar duen kate gogor baina herdoil baten zatia besterik ez dela hiria. Hemen, Irunen euskarak duen egoera ez delako eta Euskaralditik kanpo urtean zehar lan handia dagoelako egiteke. Irun ere euskalduna da eta Irunen ere euskaldunak daude”.
Irunen euskaraz bizitzeko eskubidea izan du hizpide udal ordezkariak eta politikatik “badagoela zer egin” adierazi du. Erantzukizun handia dutela politikariek euskarari behar duen tokia eman nahi bazaio, gaineratu du.
Irun ez dela “leku berezi bat” aldarrikatu du, eta eskaera bat egin du, euskarak gaztelaniaren toki bera izatea. Herritarrek euskara gehiago erabiltzea eskatu dutela esan du Iguiñizek eta haiek “eredu” izan behar direla uste du, hizkuntza ofiziala delako, hura babesteko neurriak hartzeko. “Baina, bereziki eredugarriak izan behar gara erabilerarekin. Horri erantzuten dio Euskaraldiak, gutxika bada ere euskararen erabilera handitzea eta dagokion lekua hartzea, hau da, benetako gizarte elebidun bat lortzeari erantzuten dio”.