Hondarribian bizitzeko alternatibak erdigunean jarriko dituzte ostiralean
Maiatzaren 2an hiru mahai inguru antolatu ditu udalak. Hirurak Itsas Etxean izango dira, 17:30etik aurrera. Maiatzaren 3an Biznaga, Adur eta Dolerme taldeen kontzertua izango da.

Hondarribiko etxebizitza larrialdiaren aurrean alternatibak bilatzeko jardunaldiak antolatu ditu Hondarribiko Udalak aste bukaera honetarako. Udal gobernuaren agintaldiko leloari jarraituz (Hondarribia bizitzeko), herritarrek herrian bizitzeko aukera izan dezaten hiru mahai inguru antolatu dituzte, hausnarketaren bidez debatea zabaltzeko helburuarekin. Larunbatean (maiatzak 3), berriz, mahai inguru horiei ginga jarriko diete Biznaga, Adur eta Dolerme taldeen kontzertuekin. Horiek guztiak aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur, auditoriumean bertan.
Une honetan HAPOren izapidetzea egiten ari da udala, eta prozesu horretan jasotako alegazio eta egindako parte hartzeen bidez, “oso modu nabarmenean” Hondarribia etxebizitza larrialdi baten aurrean dagoela egiaztatu ahal izan dutela azaldu du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak: “Poblazioaren ordezkatze prozesu bat bizi dugu, batez ere gazte jendeak ez duelako aukerarik herrian gelditzeko. Eta aldi berean, jabetu gara ez diola bakarrik gazte jendeari eragiten. Izan ere, adinean aurrera doazen pertsonei, hau da, familia mono-parentalei edo egoera zaila pasatzen ari diren pertsonei ere eragiten die”.
Ostiral honetan horri guztiari buruz hitz egiteko antolatu dituzte mahai inguruak, eta herritarrek galderak egiteko tartea izango dute. Saio guztiak euskaraz izango dira eta horiek grabatu eta herritarren eskura jarriko dituzte ondoren.
Lehen saioan, 2/2006 legea eta 45/2025 dekretua. Hiri bizigarriak sortzeko tresnak deitutakoan, legedia lurreratu, egin daitekeenaz hitz egin, eta udalerriek dituzten eskumenak azalduko dituzte. Izan ere, udalak ezin du “nahi duena” egin, eta eskuak “nahiko lotuta” dituztela azaldu du Urtizbereak: “Udalei gainetik dauden administrazio eta legeek eragiten diete eta eskuak nahiko lotuta dituzte. Baina ala ere fokua non jartzen den arabera hiri eredu oso ezberdinak sor daitezke”. Olatz Merkader abokatu eta hirigintzan adituak eta Miren Vives Projekta Urbeseko kide eta arkitektua izango dira mahai inguruan parte hartuko duten adituak.
Bigarren saioan, hirigintza udal mailan: ereduak eta ondorioak deitutakoan, udalean egiten ari diren plangintzak zein ondorio izan ditzakeen hiri eredu horretan azalduko dute, eta nola eragin diezaiokeen etxebizitza larrialdiari. Lorea Zangitu udal arkitektoa, Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotzia, eta Josu del Campo eta Jon Macias Haritik Hirira proiektuko kideak arituko dira informazioa xehatzen.
Azken saioan, bizitegi-eredu berriak imajina ditzagun deiturikoan, Hondarribian horren ohikoak ez diren beste eredu batzuk izango dituzte hizpide. “Hondarribian oso errotuta dugu jabetza pribatuko etxebizitza bat edukitzea edo asko jota alokairu sozialeko etxebizitza bat edukitzea, baina eredu kooperatibak, intergenerazionalak edo beste mota bateko etxebizitzen inguruan ez dugu hausnarketa egin herri bezala”. Arrasate taldeko ordezkari bat eta Aitziber Lazkano Tolosako etxebizitza saileko teknikaria izango dira protagonistak azken mahai inguru honetan. Horiez gain, kooperatiba batean bizi den pertsona baten testigantza lortzen saiatuko dira ere.
17:30ean hasiko da lehen mahai ingurua. Bigarrena 18:15etik aurrera izango da eta azkena 19:30etik aurrera. Horiek guztiak ADI! bulegoko sortzaileak, Ibai Gandiagak, gidatuko ditu. Sarrera librea da.
Amaitzeko, Urtizbereak, etxebizitza “eskubide bat” dela nabarmendu du, baina administrazioei oso zaila egiten zaiela eskubide hori bermatzea. “Azken aldian, korronte neoliberalenek sinestarazi nahi digute ez arautzea dela onena eta askatasun horretan lortuko dugula orekatzea, baina benetan oso araututa dagoen sektorea da eta jabetza pribatuari mesede egiten diona”.
Etxebizitzaren inguruko kontzertuak
Etxebizitza faltaren auziaren inguruan kantatuz bukatuko dute asteburua hondarribiarrek. 20:00etatik aurrera hiru kontzertu eskainiko dituzte: Biznaga, Adur eta Dolerme. Hasieran Murtziako Perro taldea taularatu behar zen, baina taldeko musikari batek izandako istripu baten ondorioz, taldearen emanaldia bertan behera geratu da.
Haien ordez, Bizkaiko bi talde izango dira larunbatean Itxas Etxean: Adur eta Dolerme. Elektronika eta post punk egiten duten bi talde txiki dira, baina Ortzi Alonso Kultur zinegotziak azaldu duenez, suspertzen ari diren talde oso interesgarriak dira: “Bizkaia aldean talde berritzaile asko sortzen ari dira, eta bi talde hauek mugimendu horren parte dira”.
Kartelburua, ordea, Biznaga taldea izango da. Talde hori ekartzeak, bereziki, bere logika duela ziurtatu du Alonsok. “Bosgarren diskarekin etxebizitzaren gatazka, problematika soziala, eta osasun mentala lehen lerrora ekarri dituzte. Beren diskurtsoa oso ondo errotzen ari da gizartearen sektore handi batean eta ikusi genuen zentzua bazuela talde hori ekartzeak”.
Sarrerak online, Musikazen, edota Arma Plazan eros daitezke, 15 euroan. Kontzertua zutik izango da eta 500 pertsonentzako aforoa izango da.
Debatea irekitzea helburu
Asteburu honetan debatea irekitzea gustatuko litzaieke udal ordezkariei: “HAPOren izapidetzean gaude, baina behin onartutakoan ere jarraitu beharko dugu pentsatzen nola garatuko dugun HAPO hori eta zer izaera izan beharko duten bertan egiten diren etxebizitza horiek. HAPOk zer eta zenbat egingo den arautuko du, baina zein izaera izango duen herritarren artean erabaki beharko da” zehaztu du Urtizbereak.
Zentzu horretan, etxebizitza kooperatibak edo Usurbilgo Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioa jarri ditu adibide gisa. “Lortzen badugu jendeak espektroa zabaltzea eta jabetza pribatutik eta alokairu sozialetik horrekin asko izango dugu eginda. Momentu honetan iraultza bat dela uste dugu Hondarribiarren mentalitatean beste aukera batzuk daudela ikustea”.