Ertzaintzaren presentzia areagotuko da Irungo gaueko aisialdi guneetan
Plan espezifiko bat ondu dute hiriko "segurtasuna areagotzeko": agente gehiago ibiliko dira gaueko aisialdi guneetan.

Irungo Udala Ertzaintzarekin bildu da udalak berak eskatutako segurtasun neurriak aztertzeko. Bilera hau testuinguru zehatz baten barruan egin da; izan ere, hamar eguneko diferentziarekin bi hilketa kasu egon dira herrian eta herritarrak “kezkatuta” daude.
Bilana eginez, Ertzaintzak “segurtasuna areagotzeko” neurriak hartzeko konpromisoa hartu du eta plan espezifiko bat jarriko du martxan hori hala izan dadin. Plan honetan hartutako neurriak gaueko aisialdiko guneetan aktibatuko dituzte, eta honetan datza: polizia agente gehiago ibiltzea kaleetan eta “zaintza baliabideak sendotzea”, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren arteko elkarlanean. Asteburu honetan ekingo diote plan berriari.
Cristina Laborda alkateak “ontzat jo” ditu Ertzaintzak proposatutako neurriak eta udalak hirian segurtasuna areagotzeko jarriko dituen bitartekoei gehituko dizkio. Alkateak eskerrak eman dizkio Ertzaintzari segurtasunik eza txikitzeko elkarlanean jarduteko prestasunagatik.
Iñigo Berges Segurtasunerako eta Herritarren Bizikidetzarako ordezkariak adierazi du Udaltzaingoak, Ertzaintzak eta udalak “herritarren alde” batera lan egiten jarraituko dutela. Elkarlanarekin jarraituz, udalak “ontzat jo” du Denok Bat eta BidaShop elkarteak Segurtasun eta Bizikidetza Mahaira itzultzea. Laster mahaia elkartzeko deia egingo du alkateak.