Belaunaldien arteko Elkartasunaren Eguna ospatuko dute
Hilaren 29a izango da ospakizunerako eguna, eta haurrak zein adineko pertsonak elkartuko dira Etxaldea San Migeleko haurtxokoan.

Asteartean –hilak 29– ospatuko dute Irunen Belaunaldien arteko Elkartasunaren Eguna San Migeleko Etxaldea haurtxokoan; Gizarte Ongizate eta Gazteria alorrek elkarlanean antolatutako InterGeneracionARTE ekimenaren barruan antolatutako jarduera da.
Lau eta zortzi urte arteko haurrak adinekoentzako espazioen erabiltzaileekin elkartuko dira haurtxokoan, eta egur zatiak margotuko dituzte. Marrazkiek, alabaina, natura zaintzearekin eta errespetatzearekin izan behar dute lotura; zehatzagoak izate aldera, 0 kilometroko elikagaiek eta elikagai osasungarriek duten garrantzia nabarmendu beharko dituzte bertaratzen direnek.
Jardueran zehar egindako eskulanak ikusgai jarriko dituzte, eta antolatzaileek azpimarratu dute txoko hori topagune bat izango dela auzoko familientzat zein erabiltzaileentzat.
Ildo horretatik, Iosu Iguiñiz Gizarte Ongizateko ordezkariak badu zer esana. “Belaunaldien arteko hartu-emana sustatzen dugu, eta, aldi berean, bakardadeari aurre egin, pertsonen arteko elkartasuna sustatu eta bizikidetza zein osasuna hobetzen laguntzen dugu. Jarduera hau oso tresna egokia da hainbat belaunalditako kideak elkartzeko, batak bestearengandik ikasteko eta harremanetan egoteko”.
Sandra Caballero Gazteriako ordezkaria da, eta hark nabarmendu du hiriko belaunaldi gazteak adinekoentzako euskarri izan daitezkeela. “Belaunaldien artean zubiak eraiki nahi ditugu errespetua, enpatia, lankidetza eta antzeko balioak sustatuta, irmoki sinesten baitugu gazteen eta adinekoen arteko esperientzia truke batek komunitate osoa aberasten duela. Horregatik, horrelako jarduerek, elkartasuna ospatzeaz gainera, gizarte ehuna sendotzen dute eta bizikidetza estu, inklusibo eta humanoago bat bultzatzen dute”, jarraitu du.