Lakaxita Gaztetxeak 20 urte beteko ditu hilaren 26an
JAION! Urteurren Festa egingo dute larunbatean, kamioiarekin Irun girotuz. Berrikuntza gisa, iluntzean etxera itzultzeko brigadak antolatu dituzte.

Hogei urte bete ditu Lakaxita Gaztetxeak, eta ospakizun bete-betean daude. Urte osoan zehar jarduera bereziak egiten ari dira, eta larunbatekoa (hilak 26) da inolako zalantzarik gabe bereziena: Jaion! Urteurren Festa.
Nerea Olazabal artista irundarrak egindako kartelean ikus daitekeenez, kamioia Moskutik abiatuko da 17:00etan eta Enfermines taldeak joko du han, Fermin Muguruzaren abestiak bertsionatuz. Irun zeharkatuko dute Lakaxitaraino, eta Luis Marianoko lorategietan geldialdia egin eta gaztetxeen borrokaren aldeko brindisa egingo dute. Behin Lakaxitara iritsita, Aihotz, Old Time Spooks, Braulio eta Matxarda taldeek joko dute, 19:00etatik aurrera. Ondoren, Hondarribiko DJak: Viv, Erenere eta Anderground.
Sarreraren prezioa 8 eurokoa da, eta afariarena, berriz, 5 eurokoa. Bestalde, etxera itzultzeko brigadak egingo dituzte, 01:30etik 02:00etara, eta 03:30etik 04:00etara.

Nerea Olazabal artista irundarrak egin du 20. urteurreneko kartela.