Bidasoko Ekonomia Sozialeko Foroetako hirugarren saioa, etzi
Amanda Santos biologo eta Ekonomia Sozialean espezializatuak Behatokiko azterketa aurkeztuko du Palmera Monteron hilaren 25ean

Ekonomia zirkularra elikadura alorrean Behe Bidasoan ikerketa burutu zuen pasa den kurtsoan BDSKoop Elkarteko Behatokiko ikerketak, eta “nola egin ekonomia era zirkularrean?” galdera erantzun zuten bertan. “Ondorio argi bat da ekoizpen kateko fase guztiak maila lokalean era oso aktiboan eduki ezean ezinezkoa dela gure mundua bizirautea lortuko duen ekonomia aktibatzea”, diote. Amanda Santos biologo eta Ekonomia Sozialean espezializatuak Behatokiko azterketa aurkeztuko du Palmera Monteron hilaren 25ean.
Bidasoko Ekonomia Sozialeko Foroetako hirugarren saioa izango da etzikoa, eta ekonomia zirkularraren ikuspegitik elikadura sistemek eta lehen sektorearen egoerak duten garrantzia izango dituzte ardatz hitzorduan.
“Irunen ekonomia zirkular baten aldeko apustua egiteko, ezinbestekoa da lehen sektorea berpiztea eta tokian tokiko ekoizpena sustatzea”, dio BDSKoop elkarteko Behatokiaren azterketak. Ildo horretatik, ikerketa horretan Santosek azpimarratu du ekonomia zirkularra ezin dela osotasunez garatu lehen sektore “sendo” bat izan gabe. Bidasoan sektore hori “galzorian” dagoela nabarmendu dute, “eta horrek arriskuan jartzen du tokiko elikadura sistema osasuntsu eta jasangarri bat eraikitzea”.
Biologo eta Ekonomia Sozialean espezializatuaren azterketak zenbait proposatzen biltzen ditu ekonomiaren zirkularitatea elikadura alorrean bideratzeko; hala nola, ekoizpenaren birkokapena –lehen sektore indartsu bat eratzea–, elikagai xahuketaren murrizketa, hondakin organikoen kudeaketa optimizatzea eta ohitura aldaketa zein herritarren parte hartzea.
Hilabete bakoitzean ikerketa bana ari dira aletzen Bidasoko ESE Foroetan, eta ekonomia zirkularraren ikuspegitik elikadura arloko aukeren txanda izango da orain. Hitzaldia 11:00etatik 13:00etara izango da, gaztelaniaz.
Hemen irakur daiteke txostena.