Adin txikikoei begirako prebentzio protokoloa, Opila Egunean
Udaltzaingoa eta Babes Zibila arduratuko dira prebentzioaz eta adin txikikoek alkohola ez kontsumitzea izango da xedeetako bat. Bestalde, doako autobusak antolatu dituzte San Martzial eta Guadalupe inguruetara.

Ostiralean (hilak 25) Opila Eguna ospatuko da eta adin txikiko gazte asko egun hau ospatzera joango dira. Horren aurrean, Irungo Udalak prebentzio protokoloa aktibatuko duela iragarri du, alkohol eta droga gutxiago kontsumi daitezen eta adin txikikoek kontsumi ez dezaten.
Protokoloa 10:00etak aktibatuko da eta 20:00ak arte egongo da. udaltzaingoaren patruila bat Aldabe mendira, hau da, San Martzial ermitaren ingurura joango da eta baita autobus zerbitzu bereziaren geltokietara, eta bertan adin txikikoen poltsak miatuko dituzte eta hala izatekotan edari alkoholdunak konfiskatuko dizkiete.
Istiluak saihestea ere izango da Udaltzaingoaren egiteko bat eta San Martzial ermitara doan jende kopurua kontrolatzen ere arituko dira. Alkoholaren kontsumora itzuliz, bide publikoan adingabeei alkoholik saltzen ez zaiela kontrolatzen ere arituko dira agenteak, baita ikastetxeetan ez dela droga honen kontsumorik egiten.
Babes Zibilaren babesa izango dute Udaltzainek, bereziki pertsona gehien dabilen eremuetan eta hain zuzen, aparkalekuak kudeatzen arituko dira San Martzial inguruan, Blaia udal hilerrian eta Ibarla eremuan. Dena den, herritarrei kolaborazioa ere eskatu diete.
Alkoholaren kontsumo arduratsua ardatz, Jarri frenoa alkoholari. Guztion ardura da kanpaina jarri du martxan udalak eta oroitu dute “guztiz debekatuta” dagoela adin txikikoek alkohola edatea. Bide horretan, adin txikikoei alkohola saltzea debekatuta dagoela gogoratu dute eta hiriko estabelzimenduei idatzi bat igorri die Iosu Iguiñiz udal ordezkariak, adingabeei alkohola ez saltzeko debekua berretsiz.
Autobusak
Irungo San Martzial ermitaren ingurura eta Hondarribiko Guadalupe ingurura joateko autobus bereziak antolatu dituzte aurten ere. Zerbitzuak egun osoan zehar funtzionatuko du eta doako zerbitzua izango da.
Bi linea eta bi ibilbide eskainiko dira, goizeko 10:00etatik 14:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara, ordu erdian behin. Ibilbideak honako hauek dira:
- San Martzialeko linearen ibilbidea: irteera Hondarribia kaletik. Geltokiak: Kolon pasealekua, Nafarroa hiribidea, Artia ibilbidea eta San Martzial ermita.
- Guadalupeko linearen ibilbida: irteera Dunboako anbulatorioan. Geltokiak: Nafarroa hiribidea, Kolon pasealekua, Hondarribia kalea, Pinudia eta Guadalupe ingurua.