Irungo azken biolentzia kasuen aurrean, udalak komunikatua atera du
Gaueko aisialdian, ostatuen inguruan "arreta handiagoa" jarriko dutela azaldu du udalak. Eusko Jaurlaritzari baliabide gehiago eskatu dizkiote ere.

“Atsekabea” adieraziz hasi du komunikatu ofiziala Irungo Udalak. Izan ere, pasa den asteburuko igandeko ordu txikitan, irundar bat kalean zendu zen 26 urteko gazte batek emandako muturreko baten ondorioz. Horrez gain, hamar egun lehenago beste gizon baten gorpua topatu zuten San Migelgo etxebizitza batean biolentzia zantzuekin. Bi biktimen familiei “dolumin zintzoenak” eman dizkiete.
Orain gutxi eman zituen udalak hiriko delinkuentzia tasen datuak eta “beheranzko” joera nabarmendu zen. Hala ere, datuak datu direla eta pertzepzioa beste bat izan daitekeela bereizi ditu udalak. “Udala ez dago gertaera horiek herritarrengan sortzen duten erreakziotik kanpo eta herritarren kezka handitzera datozenak, baita hiriko segurtasun ezaren pertzepzioa ere”.
Ertzaintzaren lana balioan jartzeko baliatu du udalak adierazpen instituzionala eta “zoriondu” eta “eskertu” egin ditu egindako lanagatik. Nabarmendu egin du udalak bi kasuetan 48 ordu baino gutxiagoan atxilotu izanak hilketen egileak eta ustezko egileak.
Segurtasunari dagokion gaietan eskumena oso-osorik ez dela udalarena oroitu dute, baina segurtasuna areagotzen laguntzeko “eskura dituen neurri guztiak” hartzen jarraitzeko konpromisoa adierazi du Cristina Labordaren gidaritza pean dagoen udal gobernuak.
Neurri berriak segurtasunean
Segurtasunaren areagotzeko asmoz, “arreta handiagoa” jarriko du udalak jende gehien pilatzen den tokietan, eta bereziki ostalaritzarekin zerikusia duten aisialdiko lekuetan. Ostalaritza sektore “oso garrantzitsua” dela azpimarran jarri dute, baita gauean ere. Azkenik, Eusko Jaurlaritzari eskatu diote haien eskumenen barruan eskura dauzkan baliabideak areagotzea.
Bukatzeko, udalak adierazi nahi izan du herritarrekin batera elkarlanean jarraituko duela, “errespetuan” eta “bizikidetzan” oinarritutako gizarte bat eraikitzeko.