Irun eta Hendaia arteko Txik Txak autobusaren hitzarmena berritu dute
Bi lineek indarrean jarraituko dute, 2032 arteko hitzarmenari esker. Etorkizunean hirugarren linea sortuko da bi hirien artean, Irungo nazioarteko tren geltokia eraikitzean.

Irun eta Hendaia batzen dituen Txik Txak autobus zerbitzuaren hitzarmena berritu dute Irungo Udalak, Hendaiako Udalak eta Euskal Elkargo – Aturriko Mugikortasun Sindikatuak. Lehen hitzarmena 2016an sinatu zuten eta zortzi urte iraun ditu; gaur aurkeztu dutenak ere zortzi urteko iraupena izango du, 2033 arte eta urte osoa iraungo duen zerbitzua izango da.
Eskualdeko mugikortasun publikoaz hitz egiterakoan, traba burokratikoak “alde batera” utzi behar direla azaldu du Cristina Laborda Irungo alkateak eta horrela oroitu du orain zortzi urte hasitako bidea. Garraio publikoa hobetzeko ahalegintzat jo du hitzarmen hau eta argi du “ahalegina egiten dugunean, herritarrek erantzun egiten dutela”. 2024ko otsailetik 2025eko otsailera bitarteko datuetan oinarrituta, Irun eta Hendaia arteko bidaiari kopurua %77 hazi da. Autobus zerbitzu honen kalitatea ere nabarmendu du Labordak.
Bestalde, mugarik gabe “askoz hobe” bizitzen dela aldarrikatu du Irungo alkateak “eskubide guztiak dituen herritarrak baititugu”. Horrez gain, Bidasoaren bi aldeetan historikoki egon diren harremanak estutzen direla adierazi du eta horretarako komunean dituzten zerbitzuen beharra balioan jarri du Labordak. “Garraio publikoa efizienteagoa izateaz gain, oinarrizko eskubideak efizienteagoak dira”, gaineratu du.
Joseba Erremundegi, Europa eta mugaz gaindiko lankidetza kontseilariak zerbitzu hau ezartzeko zailtasunak izan ditu hizpide. “Alde batetik, mugaz gaindiko lankidetza erraza da, eta, bertzetik, oso zaila da. Erraza da gaurko proiektuak erakusten duelako aski dela autobus bati kilometro batzuk eginaraztea mugaz gaindiko mugikortasuna azkartzeko, baina zaila da horrek suposatzen duelako lan administratibo eta araudiaren aldeko lan handia”. Etorkizunean Baiona eta Donostia batuko dituen tren zerbitzua sortu nahi dutela aurreratu du Erremundegik.
Maiztasuna, areagotu
Bi linea eskaintzen ditu Txik Txak-ek Irun eta Hendaia artean: 14 eta 15 linea. Aipatutako lehenak, 14. lineak, Behobia Sokobururekin elkartzen du eta Hendaia zabal zeharkatzen du. Abiatzeak 30 minututik behin egiten dira, 07:05ean hasita.
Aldiz, 15. linea, Irungo San Juan plaza Hendaiako hondartzan dagoen Adinekoen Etxearekin egiten du lotura, eta astelehenetik larunbatera 30 minutuan behin egiten ditu irteera, 07:00etatik 20.30era. Igandeetan, berriz, 60 minutuero egingo ditu irteerak, 08:00etatik 20.00etara. Horrez gain, udaran, ekainetik irailera, azken autobusa 22:30ean egingo da.
Etorkizunean beste linea bat sortzeko asmoa aurreratu du Labordak, Irungo nazioarteko tren geltoki berria bukatzen denean. Izan ere, tren geltokia Hendaiarekin lotuko du etorkizuneko Txik Txak 1 lineak.
Mugi txartelik ez
Mugaz gaindiko proiektu bat garatu zen baloratzeko Bidasoaren bi aldeetako autobusen tarifen sistemak nola bateratu jakiteko. Erremundegik aitortu du “gai oso konplexua” dela baina ikerketa horretan sakontzen jarraitzeko Europak POCTEFA diru funtsa bideratu du. “Hainbat arazo teknikoengatik” ez dute txartel bateraturik sortu baina etorkizunean landuko duten gaia izateko asmoa adierazi du agintariak.
Horrez gain, autobus bidaiak ordaintzeko sistema berriak ezartzeko azterketak egiten ari dira eta Txik Txak autobusetan banku txartelarekin edota mugikorrarekin ordain daiteke jada. Horren baitan, zalantzak erakutsi ditu Erremundegik txartel bateratua ateratzeko bidean: “Ez dakigu merezi duen milioiak inbertitzea horretan, jakinda etorkizunean gauzak erraztuko direla”.