Leire Navaridas eta Jone Laguardia nazioarteko estropadak prestatzen ari dira Espainiako selekzioarekin
Iragan asteburuan jokatutako Open estropadan bigarren sailkatu ondoren, Espainiako selekzioak Castrello do Miñon egiten ari diren kontzentrazioan parte hartzeko hautatu ditu.

Iragan asteburuan Santiagotarrak elkarteko aulki mugikorreko sekzioak hiru hitzordu izan zituen. Batetik, 11, 12an eta 13an gazte mailako taldeak Espainiako selekzioan aritzeko Open estropada jokatu zuen. Guztira hiru arraunlarik parte hartu zuten hitzorduan.
“Lortutako emaitzak ezin zuen hobea izan” esan dute elkartetik. Leire Navaridas eta Jone Laguardia bigarren postuan sailkatu ziren, eta beraz, hilaren 13tik 20ra Castrello do Miñon egingo duten kontzentrazioan parte hartzeko hautatuak izan dira. Datorren udako nazioarteko estropadetan parte hartuko duten ontziak prestatuko dituzte bertan.
Oier Emazabel izan zen elkarteko hirugarren ordezkaria. Emazabelek skiffean parte hartu zuen eta D finalean lehiatzea lortu zuen.
Bestetik, zortziko talde seniorrak Orioko Nazioarteko Estropadan parte hartu zuten eta jardunaldia garaipenarekin amaitu zuten. Eskifaia Ane Calvok, Ainhoa Zapirainek, Jessica Berrak, Aitzpea Gonzalezek, Maitane Zapirainek, Irati Laguardiak, Maria Martinezek eta Elaia Saezek osatu zuten, eta lemazain lanetan Urko Puy aritu zen. Lehia estua izan zen, bigarren sailkatuari segundo bat baino gutxiago atera baitzioten.
Azkenik, hilaren 12an, Santiagotarrak elkarteak XVIII. Bidasoa Ibaiaren Jaitsiera antolatu zuen. Lehiaketa lagunkoia zela nabarmendu dute antolatzaileek. 20 ontzi beteranok parte hartu zuten, Zaragozako eta Madrilgo ontzien parte hartzearekin.