Etxebizitza larrialdiaren inguruan hausnartzeko jardunaldiak antolatu ditu udalak
Maiatzaren 2an (ostirala) 17:30ean hasiko da lehen hitzaldia. Hurrengo egunean Biznaga eta Perro taldeen kontzertua arratsaldeko 20:00etan hasiko da.

Etxebizitza larrialdiaren inguruan hausnartzeko Hondarribiko Udalak bi eguneko jardunaldiak antolatu ditu: hitzaldi ziklo bat eta kontzertuak. Izan ere, hiri antolamenduaren plana lantzen ari diren honetan, beharrezkotzat jo dute planaren prozesuan egin bezala, herri eredu eta politika jakin batzuen inguruan herritarrekin eta interesdunekin elkartu eta hura partekatzea.
“Hiri-antolamenduaren ardatz nagusiena etxebizitza da, gure hirien elementu nagusiena. Baina etxebizitza ez da hori bakarrik. Etxebizitza, eskubide bat ere bada: Horrela aitortzen dute 1948ko Eskubide Sozialen Nazioarteko Aitortzak, Europako Gutun Sozialak eta Espainiar konstituzioaren 42. artikuluak. Euskal autonomi erkidegoan, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko, Etxebizitza Plan Zuzendariak ere baditugu. Guzti honek, ordea, ez du saihestu bizitoki-larrialdi baten aurrean egotea” esan dute.
“Egoera tentsionatu duten hainbat aldagaik zeharkatzen dute Hondarribia. Ondorioz, alde batetik, urte luzez hondarribiar askok bizitza beste nonbait egin behar izan dute eta bestetik, Hondarribiak herri-kohesio eta nortasuna galdu du. Historia ez errepikatzeko, belaunaldi berriei berdina ez gertatzeko, ba al dago aukerarik?” bota dute galdera. Gatazka horretaz hausnartzeko antolatu dituzte maiatzaren 2ko hitzaldiak.
Maiatzaren 2an (ostirala) 17:30ean hasiko da lehen hitzaldia: 2/2006 legea eta 45/2025 dekretua. Hiri bizigarriak sortzeko tresnak. Bigarren hitzaldia, 18:15etik aurrera izango da: Hirigintza udal mailan: ereduak eta ondorioak. Eta azkena, 19:30etik aurrera: Bizitegi-eredu berriak imajina ditzagun.
Itsas Etxea auditoriumean izango dira guztiak, hurrengo eguneko kontzertuak bezala. Biznaga eta Perro taldeak arratsaldeko 20:00etatik aurrera arituko dira, maiatzaren 3an, auditoriuma girotzen. Sarrerak salgai daude 15 euroan online.