Oiasso Museoko terma erromatarrak inauguratu dituzte
Iragan ostiralean inauguratu zituzten 1994an aurkitu eta 2023an egokitzen hasi ziren terma erromatarrak. Publikoari zabalik daude orain, bisitak jasotzeko prest.

Oiasso Museoko terma erromatarrak inauguratu zituzten iragan ostiralean. Inaugurazio ekitaldian Cristina Laborda Irungo alkateak, Javier Hurtado Turismo sailburuak, eta Azahara Dominguez eta Goizane Alvarez Turismo eta Kulturako diputatuek parte hartu zuten, udal korporazioarekin eta baita Jaime Rodríguez Salís irundarraren familia ere. Azken honek, Arkeolan fundazioa sortu eta Oiasso Museoa sustatu zuen.
1994an aurkitu zuten Oiasso Museoaren atzekaldean dauden terma erromatarrak, eta bi urte beranduago absidea eta opus spicatum izeneko zoladuraren zati bat aurkitu zuten. Datu horietan oinarrituta terma edo bainuetxe erromatar baten aztarnak izan zitezkeela pentsatu zuten, eta beraz, museoa bertan kokatzea erabaki zuten. “Tamalez, ezin jakin dezakegu zer tamaina zuten Oiassoko bainuetxe publikoek, hegoaldeko zein ekialdeko aurri termalak suntsituak izan baitziren” gaineratu zuten inaugurazioan.
2023an hasi ziren esku hartze arkeologikoa egiten, eta lan horiek guztiak egin ondoren, iragan ostiralean zabaldu zen publikora. Lanek 3.500.000 euroko aurrekontua izan dute eta horietatik 2.000.000 euro NextGeneration Eropako Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren bidez finantzatu dituzte.
Termak
Egungo museoaren eraikinaren ondoko partzelan daude zehazki kokatuta. Hondakin arkeologikoak ikusteko pasabide metaliko arin bat eraiki dute. Hortaz gain, Junkal parrokia behatzeko plataforma bat eraiki dute ere. Gainera, museoan ikusgai dagoen edukia digitalizatzeko baliatu dute aukera. Hala, “Irun helmuga turistiko adimendun bihurtzeko”.
Lan hauek Irungo Udalak eginiko hiriko ondare historikoa mantendu, berreskuratu eta balioan jartzeko apustuari hertsiki lotuta dagoela azaldu zuen Cristina Laborda Irungo Alkateak: “Udalak apustu irmoa egin du gaur inauguratzen ari garen terma hauen alde, gure ondarearen potentzial kulturala punta-puntakoa dela uste dugulako. Oiassoko termak inauguratuta, aurrera egiten dugu Udalak 2017an abian jarritako lanean: Irun kalitatezko helmuga turistiko lehiakor gisa ikusgarri egitea lurraldean, hain zuzen”.
‘Ibilbide bat gure historiarantz’
Inauguratu dituzten termen harira, ibilbide bat gure historiarantz kanpaina abiatu du udalak. CBAko barandan, adibidez, Irungo hiriaren iragan erromatarra erakusten duten irudiak jarri dituzte.