8 domina eskuratu dituzte BATeko gaztetxoek Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketan
Donostiako Anoetako Udal Miniestadioan jokatu zen txapelketako hirugarren jardunaldia. Alebin zein haur kategoriako gazteak lehiatu ziren.

Iragan igandean Gipuzkoako Eskolarteko Txapelketako hirugarren jardunaldia jokatu zen Donostiako Anoetako Udal Miniestadioan. Bidasoa Atletiko Taldeko gazteenak ere bertan izan ziren eta guztira zortzi domina eskuratu zituzten.
Alebin kategorian, nesketan, Iraia Garcia eta Maia Sanchez gailendu ziren. Garciak urrezko domina eskuratu zuen jauzi hirukoitzan, 8,08 metroko jauzi batekin. Eta 60 metroetan brontzea lortu zuen, 8,47 segundoko denborarekin. Jauzi hirukoitzan Jare Munduatek ere egun bikaina izan zuen eta 8,03ko jauzi batekin hirugarren izan zen.
Maia Sanchezek, berriz, 1.000 metroetan parte hartu eta garaipena lortu zuen, 3:29,64 segundoko denborarekin.
Mutiletan, Amets Gurutzaldek zilarrezko domina eskuratu zuen vortex jaurtiketan. 40,30 metroko jaurtiketa egin zuen.
Haur kategoria
Nesketan, Amane Arruabarrenak luzera jauzian parte hartu zuen eta 4,79ko salto batekin zilarrezko domina zintzilikatzea lortu zuen. Ane Placeresek, berriz, 80 metroetan brontzea lortu zuen, helmuga 10,81 segundoan gurutzatuz. Klubetik jakinarazi dutenez, maila handiko proba izan zen.
Mutiletan, Zhu Yuxuan eta Aiur Martin hirugarrenak izan ziren. Yuxuanek luzera jauzian parte hartu zuen (5,29 metro) eta Martinek 220 metro hesietan (33,20).